Agoitz Loretan izena jarri diote udaberri honetan espazio berde, landare, lore eta lorezaintza jasangarriaren inguruan martxan jarri den ekimen berriari. Agoizko Udalak antolatzen du jaialdia, Orain Klima kontsultategiarekin elkarlanean eta Europako funtsekin finantzatzen da, Iraunkortasun Turistikoko Planaren bitartez. Hiru egunez egingo da, maiatzaren 30ean, 31n eta ekainaren 1ean, udalerriko hainbat gunetan.
Inguruneko intereseko landare-espezieen aniztasuna izango du ardatz (orkideak, landare biziak, zuhaixkak eta zuhaitzak), eta ingurumen-hezkuntzarekin, turismo iraunkorraren sustapenarekin eta lorezaintza jasangarriarekin izango du zerikusia. Aldi berea, berdeguneen diseinuan, gastronomia, artea, kultura, osasuna eta hiri-ingurunearen hobekuntza kontutan izango ditu.
Proposamenen artean, familiei edo taldeei zuzendutako mikro-lorategien lehiaketa bat, miniaturazko paisaia edo lorategi bat irudikatuko duten landare eta materialekin metro karratu bateko azalera duten lorategi txikiak sortzeko helburuarekin. Mikro-lorategia ordu erdiko epe mugatuan sortu beharko da, eta epaimahai profesional batek proposamenak balioztatuko ditu eta hainbat sari emango dizkie sailkatutako onenei. Parte hartzeko epea maiatzaren 16an bukatzen da eta Agoizko udaleko webgunean egin daiteke.
Irrintzi Plaza saioan Mikel Baztan Orain Klimako kide eta Agoitz Loretan ekimeneko arduradunarekin hitz egin dugu.