Agintaldiaren erdialdera iristear gara…
Hau ziztu bizian pasatzen ari da. Batetik, azkar pasatzen dela konturatzen ari gara eta bestetik, ikusten dugu gauza asko egin direla, baina egia da legealdia abiadura bizian doala.
Erraza izan da lehen zatia?
Nik ez dakit zenbat kostako zen Titanic mugitzea, baina bai, lan handia egin behar da gauzak aldatu eta mugitzeko.
Atzera begira jarrita, Pompelok 2100 urte bete ditu Erromatarrek sortu zutenetik. Nolakoa zen garai hartako hiri hura?
Lehendik ere izen ezezaguneko herrixka baskoia bazela gogoratu behar da. Horren aztarnak agertu dira eta lau edo bost mende atzerago eramaten gaituzte. Pompaelorena bada urtebetetze berezia eta ospatzeak merezi du. Ospakizunak prestatzeko denbora asko ez dugu izan baina zenbait ekitaldi ugari izanen dira.
Kale izendegian aldaketa batzuk izan dira, azkena Victor Eusarena. Zergatik kendu diozue kalearen izena?
Victor Eusa arkitekto garrantzitsua izan zen, arkitekto ona. Ezin diogu deus kendu horregatik, baina Jose Antonio Jauregi nafar soziologoak esaten zuen moduan eremu publikoa jendearen aldarea da. Karlista eskuindarra izan zen Eusa. Karlisten Gerra Batzordean sartu zen. Ezkertiarren edo abertzaleen zerrendak egiten zituzten, gero atxilotu eta hiltzeko. Hainbat hilketaren erruduna da eta baldintza horietan uste dugu ez duela kale bat merezi. Albert Speer, Hitlerren arkitektoa, oso ona izan zen bere ogibidean, baina gaur egun ez du eraikin bat Alemanian. Zergatik? Nazien nagusi bat izan zelako. Eusarekin berdin gertatzen da, ez zen pertsona duina. Angel Maria Pascual idazle ona izan zen baina falangista talde batekin sartu zen 'La Voz de Navarra' egunkarian. Jose Agerre zuzendaria kolpatu eta torturatu egin zuten. Gerora, 'Arriba España' egunkari frankistaren burua izan zen. Hori ahaztu daiteke? Ez. Nire harridurarako, zenbait sektoretan ahaztu nahi badute ere.
Erorien Monumentua adieraberrituko duzue. Nola doa prozesua?
Akordio bat defendatu dugu beti Erorien Monumentuaren inguruan. Parlamentuaren onespena ere behar da. Akordio politikoa erdietsita dago eta lan horretan segitzen dugu. Aste honetan adituen batzordea martxan jarri dugu eta lanak, orain, batzorde horren baitan izanen dira. Denborarekin espero dugu lan horiek ahalbidetuko dutela lehiaketa bat egitea. Beti esan dugu ezin dela edozein gauza egin Erorien Monumentuaren baitan, babestutako eraikina delako. Alkateak ezin du nahi duena egin. Lehenik babesa kendu behar zaio, bide legal eta administratibotik. Gero, gogoeta egin beharko da eraikin horretan zer egin.
Pitzadura sortu du udal gobernuan Erorien Monumentuarekin erdietsitako akordioak. Zurekin ez dago alde. PSN, bai. Zenbateraino sentitzen duzue alderdi sozialistaren presioa?
Elkarlanean ari gara etengabe. Osoko bilkura bakoitzaren eta batzorde bakoitzaren aurretik. Lana handia eskatzen du gutxieneko adostasunak erdiesteak. Iruñeko udalaz mintzatzen garenean, sektore abertzaleetatik eta EH Bilduko gure jendeaz ari naiz, hiriko alkatetza dugula nabarmentzen dugu, bai, baina errealitatea askoz ere konplexuagoa da. 27 zinegotzi daude Iruñean eta gehiengoa 14koa da. Nik zortzi zinegotzi ditut eta beste sei behar ditut. Proposamen bat aurrera eramateko nire bulegotik atera eta beste bulegoen atean jo behar dut 14ra iritsi ahal izateko: Geroa Bai, Zurekin eta PSNren onespena ere behar dugu. Horrek lan handia eskatzen du.
Hizkuntza politikan sortzen da PSNrekin desadostasun handiena?
Dudarik gabe. Euskara ez dago merezi duen neurrian baloratuta. Etxebizitza politikan, gizarte politiketan, nahiko erraza izaten ari da harreman ona izatea alderdi sozialistarekin. Akordioetara iristeko ez da arazo handirik. Dena den, hizkuntza politikan ez da hala gertatzen. Oraingo udal ordenantza PSNk egin zuen UPNrekin. Beste berri bat lortu daiteke? Oso konplikatua da. Gutxienez dagoen udal ordenantza beteko balitz zerbait lortuko genuke. Hortaz aparte lan egin daiteke? Bai. Hiri paisaia aldatu daiteke. Pedagogia askoren ostean espero dugu sozialistak euskara Iruñean merezi duen tokian jartzearen alde azaltzea.
Haur eskoletan murgiltze eredua zabalduko da, ez ordea auzo guztietara.
Murgiltzearen teorian lan egin izan dut bizitza osoan eta badakit zein garrantzitsua den hori. Nik zortzi zinegotzi ditut. Aukeran 14 izateak erraztuko lituzke gauzak, baina gaur gaurkoz ez da posible. Zer egin dugu? Bada, gehiengo bat lortzeko posibilistak izan. Eskaintza eta eskaria parekatzea. Hori da helburua. Euskararen legeak ez du esaten eskaintza eta eskaria orekatu behar dela, hori ez da sustatzea, horretarako beste neurri batzuk hartu beharko lirateke.
Etxebizitza alorrean adostasun handia duzue. Arazo nagusien artean dago etxebizitzarena. Zein neurri zehatz hartzen ari zarete?
Pasa den urteko otsailean aurkeztu genuen etxebizitza plana. Ezinbestekoa da. Gazteentzat, hainbat familiarentzat edo okerren pasatzen ari direnentzat arazo nagusia da. Zenbateraino den larria egoera ulertzeko datu bat: udalaren aldetik merkatuan jartzen dugun etxebizitza bakoitzarengatik 50 eskaera daude. Horrek adierazten du zenbateraino gauden helburuak erdiestetik urrun. Saiatzen gara sustatzen ditugun operazio guztietan etxebizitza babestuak txertatzen: Sanduzelain, Bigarren Zabalgunean, Donibanen… Udalarenak diren etxebizitzak zaharberritzen segitzen dugu, martxan jarri dugu Donapea plana,.. jabetzen gara ez dela nahikoa.
Zenbait kolektibok atzo salaketa egin zuten jende gehiegi dagoelako oraindik ere kalean bizitzen.
Gizarte bezala interpelatzen gaituen gaia da. Kontziente izan behar dugu irtenbideak bilatu ahal izateko. Ez da besterik gabe etxegabeen arazoa. Prozesu honen atzean ere bada migrazio mugimendu oso bat, Bigarren Mundu Gerratik gaur arte izan den garrantzitsuena. Gure erantzunkizuna da soluziobideak ematea. 2023an UPNren azken udal gobernuak 1,7 milioi euro bideratu zituen afera horretarako; guk bikoiztu egin ditugu baliabideak 3.7 milioi euro arte. Ez da nahikoa, ez ditugu behar guztiak asetzen, argi dago. Iruñea hiri solidarioa da eta hala segituko du izaten. Gure mugetatik oso gertu gaude. Udalak egiten duen ahalegina gainerako erakunde eta elkarte autonomoekin alderatuta oso handia da.
Hilerrian izan zinen atzo Tomas Caballeroren omenaldian.
Azalpena eskatu zidaten han. Zinegotzi izandako pertsonaren familia zegoen. Bidegabeko erailketa izan zen. Udaletxean nagoenetik ez dut huts egin. Familiaren minarekin bat egiten dugu.
Barcinaren ondoan ikusi genuen zure burua Txantreako jaietan pankarta batean.
Jendeak badu eskubidea bere aldarrikapenak egiteko. Debekuez aritzea ez da oso bidezkoa. Guk kasu honetan borrokatu izan dugu auzo guztietan jai batzordeak indartzeko eta beraiek izateko erreferentzia udalarekin harremanetan. Auzoetan badaude jai batzordeak, irekiak, edozein egon daiteke eta udalarekin elkarlana sortzeko bide egokiena dira.
Sanferminetarako zein berrikuntza izanen dira?
Beti izaten dira. Aste hauetan definituko dira zenbait gai. Hamar kartel finalista ezagutaraziko dituzte gaur. Arratsaldean bilduko da sanferminetako mahai orokorra. Programazioa ixten ari gara. Irizpide garrantzitsuekin gainera: euskararen presentzia, bertako taldeen presentzia, LGTBI taldeena, emakumeena...
2027an zerrendaburu, Joseba Asiron?
Asko esatea da hori. Familiak eta alderdiak ere zeresana izanen du horretan. Esaten ahal dizudana da, une honetan oso pozik nagoela. Ilusioz beterik eta %100ean, ez dudala beste deus buruan.