GIZALABAK

Dolores Lopez, Inkisizioak sutan erail zuen azken emakumea

Miren Mindegia Petrirena 2025ko api. 30a, 16:49

Bakarne Atxukarrok Maria de las Dolores Lopezen bizitza kontatu digu #Gizalabak sekzioaren atal berri batean

María de los Dolores López Sevillan jaio zen 1736an, hirian oso ezaguna zen familia batean. Aita San Salbatore Guztiz Santuaren Ermandadeko kidea zen. Anaia Sevillako parrokia bateko apaiza eta arreba Sanlucar de Barramedako Carmelita Descalza erlijiosoa. Zentimorik ez zeukaten

Hamabi urterekin, begietako infekzio baten ondorioz, itsu geratu zen. Ordurako, bere gurasoekiko harremana oso txarra omen zen, bere izaera errebelde eta harroagatik. Hori zela eta, familiaren etxea utzi zuen eta bere konfesorearen etxera joan zen. Ziur aski, huraxe izan zen pobreziatik libratzeko ikusi zuen irtenbide bakarra.

Beharbada, berarekin ikasi zuen irakurtzen. Horren eraginez,  bere inguruko susmo txarrak sortarazten hasi zen, ez baitzegoen zalantzarik deabruak bakarrik lortu zezakeela emakume itsu batek irakurtzen ikastea.

Konfesoaren eskutik, gainera, Miguel de Molinosen doktrinan sartu zen, hau da, kietismoan eta flagelanteen doktrinan, biak heretikotzat hartzen direnak. Kietismoak   morala alde batera uztera gonbidatzen zuen, eta horrekin batera, harreman sexualak izatera, eta, beste aldetik, Flagelanteek, norberak beren merituengatik eta Eliza Katolikoaren laguntzarik gabe lor zezakela salbazioa defendatzen zuten.

Bost urtez egon zen Dolores bere konfesadorearen ondoan, maitale gisa. Babeslea hil arte. 

Orduan Sevillako Belengo mojen komentura sartu zen. Han jokabide iraultzailea erakutsi zuen, eta erlijiosoetako bati musuak eta laztanak eman zizkion. Horrekin batera, "ez dago bekaturik bihotza osasuntsu eramatean" bezalako esamolde batzuk, edo apaizak ezkondu egin beharko liratekeela defendatzea, Martin Luterok zioen bezala, oso pertsona deserosoa izatera heldu zen. Horregatik, komentura sartu zen sei hilabetera kanporatzea erabaki zuen komunitateak.

Berriz kalean, beste zuzendari espiritual bat bilatu zuen, eta Juan del Pino fraide agustindarra aurkitu zuen. Une horretatik aurrera, etengabeko tratua izan zuen berarekin.

Berak aholkatuta, Marchenaren beaterioan sartu zen. Beaterioak mojak ez ziren baina haien antzera bizi ziren emakumeen komunitateak ziren.

Doloresek sei urte eman zituen han, fraideak etengabe bisitatzen zuela. Erlijiosoaren nagusietariko batek gizona salatu eta erbestera kondenatu zuten arte.

Orduan Doloresek Beaterioa utzi eta Sevillara itzultzea erabaki zuen. Bakarrik bizi zen Triperas kalean, non bere dohatsu ospeak hainbat lagunen arreta erakarri zuen. Batzuek santutzat hartzen zuten bere barauak, penitentziak, eta errebelazioak. Eta horretan aurkitu zuen bere bizimodua gure Doloresek, oso zaila baitzen emakume itsu, pobre eta landugabe batek aurrera jotzea.

Jende xume horrek ematen zion janari edo diru apur batekin batera, beste diru iturri bat aurkitu zuen: hainbat apaizarekin harreman sexualak mantentzea.

Baina 1775eko urrian horietako batek salatu zuen inkisizioaren aurrean. Eta horrekin, akabo gure Dolores.

Lehendabiziko salaketa horri beste asko gehitu zitzaizkion, hala nola Belengo komentuko moja batzuenak, Doloresek haiekin egotean izan zuen jokabide ez oso komenigarriagatik.

Horrez gain, Triperas kaleko zenbait bizilagunek adierazi zuten aita agustindarra, frai Juan del Pino, sarri-sarri ikusi zutela Doloresen etxean sartzen eta irteten, eta han denbora luzez egoten zela, batzuetan gau osoan.

Hori gutxi bazen, egunero erlijiosoaren eskuetatik jaunartzea hartzen zuela ikusi zutela ziurtatu zuten, batzuetan konfesatu gabe!

Beste lekuko batzuek aitortu zuten Doloresek erlijiosoarekin egiten zituela flagelazioak, purgatorioko arimei buruz Jainkoarengandik jasotzen zituela errebelazioak edo aingeruekin egiten zituela elkarrizketa.

Auzitegiko epaileek arretaz aztertu zituzten testigantza guztiak, eta ondorioztatu zuten dohatsua heretikoa zela. Emakumea kartzela sekretuetara eraman eta azken epaira arte bere ondasun guztiak konfiska egitea agindu zuten.

Prozesua luzea izan zen. Egia esateko, damutzeko eta bere delituak eta bekatuak aitortzeko behar zituen audientziak emateko agindu zuen auzitegiak. Baina Doloresek bere errugabetasuna mantendu zuen, eta bekatu egin izana ezin zuela aitortu argudiatu zuen. Bere ezjakintasunak erruak barkatzen zituela errepikatzen zuen.

Bi urteko espetxealdian damu-rastrorik erakutsi ez zuenez, ondasunak betirako konfiskatzea, eta suaren exekuzioa ezarri zizkion auzitegiak.

Amaiera hurbildu ahala, tentsioa areagotu egin zen, zeren eta, nahiz eta erlijioso batzuek presio handia egin zioten bere akatsak uxatzeko eta Elizarekin adiskidetzeko, errugabetasunari eutsi zion Doloresek.

Exekuzioaren egunean, 1781eko abuztuaren 24an, kuxkuxero asko zeuden kalean. Jendetzak betetzen zuen kondenatuak igaro behar zuen ibilbidea, San Paulo komentuko elizatik, epaia irakurri zen tokitik, San Frantzisko plazaraino, non sutan erreko baitzuten.

Han, azken unean, Dolores damutu egin zen, konfesore bat eskatu zuen, absolbitu egin zuten eta heriotza kommutatu zitzaion garrotea emanez, sutara bota aurretik. 1781eko abuztuaren 24a zen. 

Espainiako Inkisizioaren azken biktima errea izan zen gure Dolores.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!