“Bihotza beteta” eta ekarpenak egiteko indartsu atera da Ernai topagunetik

Euskalerria Irratia 2025ko api. 22a, 12:55

3.000 lagun baino gehiago batu dira egunotan Berriozarren antolatutako topagunean. Balorazioa "positiboa" izan da eta belaunaldi berriak ekarpenak egiteko indartsu eta independentziaren alde jauzi egiteko prest daudela ikusarazteko balio izan du topaketak. Jon Arrieta Ernaiko kidearekin mintzatu gara topaguneaz eta datozen erronken inguruan.

Ernaik antolatutako Gazteon eskutik independentziara topagunean  3000 gazte inguru batu ziren ostegunetik igandera bitarte Berriozarren. Helburua, gazte erakundearen esanetan, Euskal Herrian irekitzen ari den ziklo politikoari “gaztetasunetik” erantzuteko tresnak eskuratzea izan zen eta independentziara saltoa ematea.

Topagunea ostegun arratsaldean hasi zen Berriozarren deitutako manifestazioarekin. Azkeneko asteetan Ernai eta topagunea bera jomugan egon ziren, preso politikoen nazioarteko egunaren harira egitekoak ziren mahai inguruak UPNren eta eskuineko alderdien kritikak eta oztopoak ekarri zituen eta horiek salatzeko egin zuten protesta.

Lau egunetan zehar hitzaldi, kontzertu eta lantegi desberdinak egin zituzten. Era berean, espazio seguruak sortzeko egin duten lana ere aipatu nahi izan dute antolatzaileek. Protokolo feminista soilik ez, protokolo antiarrazista ere izan dute. Adierazi dutenez, lehen pauso bat izan da, aurrera begira afera horretan sakontzeko prest azaldu dira.

Larunbatean egin zuten ekitaldi politiko nagusia. Bertan Amaiur Egurrola bozeramaleak nabarmendu zuen nazio bulkada berri bat abiarazi asmo dutela eta gazteak norabide horretan saretzeko deia egin zuen. “Baldintza egokienak heldu arte” ezin direla esperoan egon iraultza perfektua noiz iritsiko, nabarmendu zuen.

Ernaiko kideek adierazi dute topagunearekin ez dela amaitzen antolakundearen lana. Indar handiagoa eman die ziklo politiko berriari erantzuteko. Gazteria independentista borrokaren lekukoa hartzeko prest agertu da eta datozen mugarriei begira daude dagoeneko. Maiatzaren lehenarekin batera kalera aterako dira eta topaguneko indarrak berreskuratuta, datozen erronkei begira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!