Jon Maia: "Euskaraz kantatzen duen herria izaten jarraitzen dugu"

Miren Mindegia Petrirena 2025ko api. 16a, 12:34

Lau urteko ibilbidearen ondoren, bertsolari zumaiarrak Euskal Herriko eszenatoki guztietara eraman duen emanaldiaren azken lau kontzertuak emanen ditu. Horietako bi Nafarroan izanen dira: larunbatean Elizondon eta apirilaren 24an Iruñean, Baluarte antzokian

Lau urteko ibilbidearen ondoren, Kantu bat gara proiektuari itxiera emateko tartea heldu zaio Jon Maiari. Lau kontzertu besterik ez dira gelditzen, eta horietako bi gurean, Nafarroan izanen dira: larunbatean, Elizondoko pilotalekuan; eta datorren apirilaren 24ean, Iruñeko Udalak antolatzen duen Kantu eta Hitza zikloaren eskutik, Baluarten. 

2021ean abiatu zuen proiektua bertsolari zumaiarrak, letragile bezala egindako bidearen 30. urteurrena ospatzeko modu gisa. Berak azaldu bezala, asmoa horixe izan zen hasiera batean, beste taldeentzat idatzitako kantuak berreskuratzea: "Baina gero konturatu nintzen kantuen bitartez ekarpen bat egin niezaiokeela gure herriari, gure burua definitzeko modu bat. Izan ere, bada zerbait inoiz galdu ez duguna, eta da kantu bat garela. Beste guztia aldatuko da, baina euskaraz kantatzen duen herria izaten jarraituko dugu, jendeari esker". 

Lau urteko ibilbideak Euskal Herriko eszenatoki guztietan egoteko parada eskaini dio, bidelagun askorekin konpartitu duen bidea, tartean Jagoba Arrasate, Itziar Ituño, Olaia Inziarte eta baita Silvio Rodriguez musikari kubatarra ere, azken diskoaren eskutik euskaraz abesten entzun ahal izan dugunak. Bide emankor bezain hunkigarria izan dela aitortu du zumaiarrak: "Nire helburua zen mezu bat zabaltzea, begirada bat kantuaren bidez, eta uste dut egina dudala. Gorputzak eskatzen dit bukatzea, baita ere". 

Baluarten Kantu eta Hitzari hasiera emanen dion kontzertua berezia izanen dela azpimarratu du zumaiarrak. Eszenatokian hainbat artista gonbidatu ditu, tartean Gorka Urbizu, Olatz Larunbe dantzaria eta Iruña Dantza taldea, besteak beste. Sarrerak Baluarteren webgunean eskuratu daitezke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!