Uxue Iragi (Nafarroako Ingurumen Kudeaketa): "Etxeetako hondakinak ongi bereizten ari gara, baina zabor gutxiago sor dezakegu"

Maialen Huarte Arano 2025ko api. 16a, 08:14

Nafarroak arrakasta berri bat lortu du etxeko hondakinen bilketa bereizian, % 53ko portzentaia lortu baitu. Nafarroako Gobernuaren datuen arabera Foru Erkidegoa Estatuaren buru jarri da hondakinak biltzeko tenorean eta kudeatzeko helburuak betetzeari dagokionez. 

Nafarroako Gobernuak hondakinak nola bereizten diren aztertzen duen ikerketa lanaren emaitzak plazaratu ditu. Pertsona bakoitzak 413 kilo zabor sortu dugu 2024an, aurreko urtean baino %0,8 gehiago. Hala ere, gero eta gehiago bereizten dugula nabarmendu du Jose Mari Aierdi kontseilariak eta erdia baino gehiagora iritsi garela diote datuek: %53.

Datuak "onak"· direla nabarmendu dute Nafarroako Gobernutik, kontuan hartuta jarritako zenbait erronka betetzen ari direla, baina hobera egin behar dela ere argi dute. Hartara, uste dute heldu den urtean ateak zabalduko dituen Inmarkoaingo hondakinen tratamendurako zentroak datuak hobetu eginen dituela. Izan ere, egun, errefusa izeneko edukiontzira botatzen den %47 zabortegira iristen da eta horrek hobetzeko beharra duela iruditzen zaie.

Trantsizio Ekologikorako Ministerioak egindako ikerketa lanaren datuak dira aztertutakoak. Espainiako erkidegoekin alderatuta, Nafarroak du daturik onena hondakinen bereizketari dagokionez, lehena baita ere materialak berrerabiltzeko prestatzeari dagokionez eta hamargarren hondakindegira bideratzen den zaborrari dagokionez. Azken honetan da hobetu beharrekoen ataletako bat.

Datuak mahai gainean izanda, Nafarroako Ingurumen Kudeaketako teknikariarekin hitz egin du Euskalerria Irratiak. Uxue Iragi teknikariari iruditzen zaio bereizketa ongi egiten ari direla herritarrak eta erronka nagusia zabor gutxiago sortzean datzala. Nafarroako Ingurumen Kudeaketako teknikariarekin egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!