Nature aldizkari entzutetsuan argitaratu den artikulu batek dioenez, izeien, haritzen eta arteen basoak dira eraginkorrenak klima-aldaketa arintzeko. Testuaren garrantzia honetan datza: orain arte zuhaitz espezie hauek karbono dioxidoaren xurgaketan eraginkorrak ez zirela uste zen. Munduko ia bost kontinenteetako 160 basotan baino gehiagotan egindako makroikerketa honek, aldiz, kontrakoa erakutsi du.
Halaxe azaldu du Xabier Santesteban Nafarroako Ingurumen Kudeaketa (GAN-NIK) entitate publikoko ikerlariak, nazioarteko beste hainbat entitateetako zientzialariekin batera ikerketa mardul honetan parte hartu duenak. Ikerlariak argitu moduan, zuhaitzak bi multzotan sailkatzen dira: "Multzo horietako bat, eskuragarriak deitzen direnak, gaitasun handia daukatenak naturan dauden baliabideak eskuratu eta barneratzeko. Azkarrago hazten direla pentsatzera eramaten gaitu horrek. Gero, badago bigarren multzo bat, baliabide gutxiago dauden lekuetan bizitzera ohituta daudenak, baliabideak hartu eta bere barrenean gordetzen dituztenak. Kontserbadoreak deitzen ditugu".
Orain arte, espezie eskuragarriak karbono dioxidoaren xurgaketan hobeak zirela uste zen, "baldintza kontrolatuetan eta egokietan, azkarrago hazten direlako". Baina egoera errealetan, non batzuetan baldintzak ez diren hoberenak, baliabideak kontserbatzera jotzen duten espezieak karbono dioxido gehiago xurgatzeko gaitasuna dutela erakutsi dute. Ondorio horretara iristeko, munduko bost kontinenteetan ikerketa garatzeko landatutako baso esperimentaletan jaso dira datuak.
Zuhaitzek dagokien ingurura egokitzeko gaitasuna ere horretan "gakoa" dela azpimarratu du ikerlariak. Aldaketa klimatikoari dagokionez, gainera, basoen papera, ozeanoenarekin batera, "oso garrantzitsua" dela azpimarratu du. "Ez bakarrik karbono dioxidoa xurgatzen dutelako, baizik eta euriteetan ura kontzeko duten gaitasunagatik ere. Eurite batean uholdeak saihesteko edo murrizteko oso garrantsitsuak dira".
Nafarroan "oso baso osasuntsuak" ditugula ere gehitu du Santestebanek. "Pozik egon gaitezke bertan ditugun basoekin eta basoak kudeatzeko dugun moduarekin".
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!