Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz): "Batzuk ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude"

Miren Mindegia Petrirena 2025ko api. 14a, 13:01

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta

Eskualdean euskara hauspotzea eta euskaltzaleen sarea indartzea izanen du helburu maiatzaren 17an Arguedasen eginen den Euskararen Egunaren lehenengo edizioak. Iñaki Bakero Tuterako AEK-ko zuzendariak eta elkarteko kideak argitu moduan, egitasmoa bi urtez behin egiteko asmoarekin sortu da, Korrikaren urteekin tartekatuz. 

Sortu berri den Erriberan Euskaraz sarea da ekimenaren antolatzailea. Hare gehiago, sarearen pizgarri izan nahi du ere Euskararen Egunak, sarearen barrenean dauden elkarte, eragile eta taldeek elkarrekin antolatzen duten lehenengo  egitasmoa. Bakerok azpimarratu bezala, Erriberan euskararen alde lan egiten duten talde guztien sarea Erriberan Euskaraz. "Aspaldi ezagutzen dugu elkar baina bagenuen beharra denon artean sare bat osatzeko, elkarren berri izateaz gain horrelako egitasmoak antolatzeko balioko duena". 

Hala, eta dagoeneko Erriberako herri askotako elkarteak bertan bildu diren, elkartea zabaltzeko eta handitzeko bidean dago. "Sarea handitu eta indartu nahiko genuke, eta Euskararen Egunak ere horretarako balio izatea. Irekita gaude euskararen inguruan lan egiten duten eskualdeko eragile, elkarte eta talde guztietara".

Urteetako borroka izan da Erriberan euskararen aldeko eragileek egin dutena. "Egindako lana ez da ezertan gelditzen, baina eragileok egiten dugun lana ez dugu erakundeen babesari esker egiten. Kontrakoa, esango nuke". Euskararen kontrako jarrerak dituzten taldeak ere badaudela azpimarratu du. "Horren kontra borrokatzea tokatzen zaigu, baina baita gurean zentratzea ere. Egoera horren aurrean jarri behar gara eta esan: hemengoak gara eta hemen gaude. Baina egia da batzuk ez gaituztela hemen nahi". 

Maiatzaren 17an Arguedasen eginen den Euskararen Egunerako "goizetik gauerako egitaraua" prestatu dutela argitu du Bakerok. Haur, gazte eta helduentzako eskaintza egonen da, baita 500 pertsona biltzeko helburua duen bazkari herrikoia ere. Bazkalondoan, herrien arteko "olinpiada moduko bat" ere eginen dela aurreratu du.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!