GIZALABAK

Perpetua Saragueta, Erroibarreko ohiturak euskaraz jaso zituen emakume aitzindaria

Euskalerria Irratia 2025ko api. 8a, 18:21

Bakarne Atxukarrok Perpetua Saragueta idazlea aurkeztu digu #Gizalabak atalean, XX. mendearen hasierako Nafarroan euskaraz idazten zuen emakume bakanetakoa

Perpetua Saragueta aitzindaria izan zen, haren garaian gutxi zirelako Nafarroan idazten zuten emakumeak, eta are gutxiago euskaraz aritzen zirenak.

Mezkiritzen sortu zen (Erroibar-Nafarroa), 1905ean, familia xume batean. 13 neba-arrebatatik zaharrena zen.

7 urte zituela eskolara joan zen, beste 56 haurrekin batera . Baina handik 4 urtetara, aitak istripua izan ondoren, lanean hasi behar izan zuen etxekoei laguntzeko.

Oso denbora gutxian eskolan egon arren, nahikoa izan zuen gure Perpetuak ondo ikasteko, bai idazten, bai irakurtzen. Horregatik, Manuel Lusarreta, apaiza eta irakaslea, gaixorik egon zenean, lekukoa hartu zion berak, eta irakasle gisa aritu zen hiru urtez, eskola itxi arte.

26 urte zituela, Baztango Irurita herrira ezkondu zen Trinidad Urtasunekin, Trini izengoitiko nafar bertsolaria.

Senarraren familiak okindegi bat zeukanez, han hasi zen lanean Perpetua. Horretarako. gidabaimena atera behar izan zuen. Nafarroan gidabaimena eskuratu zuen bigarren emakumea izan omen zen.

Garai hartan hasi zen idazten. Ez zen batere ohikoa emakume idazlea izatea, eta askoz gutxiago euskaraz idaztea eta argitaratzea. Baina hor aritu zen gure Perpetua.

Lehenik, Iruñeko El Pensamiento Navarro egunkarian eta, gero, La Voz de Navarra egunkarian, Donostiako Argia aldizkarian eta Baionako Eskualduna astekarian.

Mendigibeleta, Aritza eta Txorrondo ezizenekin sinatzen zuen. Txorrondo, azken izen hori, bera jaio zen baserria zegoen auzoaren izena zen.

Gerra piztearekin batera, dena aldatu zen. Senarra falangisten jipoi baten ondorioz ezindua gelditu, eta, txikitan bere aitak istripu bat izan zuenean bezala, orduan ere Saraguetak atera behar izan zuen familia aurrera.

Iruñera joan ziren bizitzera. Han sei alaba eta senarra gobernatu behar izan zituen, eta gogor egin behar izan zuen lan.

70eko hamarkadan idazteko grina piztu zitzaion berriz, eta horri ekin zion. Hainbat gai zituen hizpide: herriko ohiturak, gertaerak, pasadizoak, familiako kontuak eta fedea eta erlijioa, besteak beste.

Fontes Linguae Vasconum eta Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra aldizkarietan artikulu batzuk kaleratu zituen.

Baina ezagunena den lana Nere oroimenak liburu autobiografikoa da. 1977an argitaratu zuen, eta bertan senarraren bertsolaritzari buruzko pasarte batzuk adierazten dira, amatxiri aditutako euskal ipuinak, eta jaioterri Mezkirizko oroitzapenak.

1986ko martxoaren 26an hil zen, 80 urte zituela.

Haren lanak Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak argitaratu dituzte.

Horrez gain, 2019ko abenduan Iruñeko Kondestablearen jauregian Hemen baditun 14 erakusketan omendu zuten, XX. mendean zehar euskararen sustapen eta normalizazioaren alde arituriko emakumeak omentzen zituen erakusketan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!