Murmur hitzak marmarra erran nahi dezake, ahopeko mintzoa. Izan daiteke xuxurla, izan daiteke lurrazpitik doan errekasto baten soinua. Izan daiteke ere etxeko bazter batean piztuta dagoen irrati transistorearen asots urratua ere. Edo urtegi baten azpian aspaldi desagertu zen herri baten oihu itoa. Guzti hori eta gehiago da Murmur, Ane Labakak bertsolari eta idazleak eta Raquel Samitier ilustratzaileak elkarrekin ondu eta Erein argitaletxeak plazaratu duen helduentzako liburu ilustratua, Nafarroako liburu denden elkarteak aurten saritu duena euskarazko kategorian.
Geruza askotariko lana da Labakak eta Samitierrek eraiki dutena. Kontakizun guztia bustitzen duen testuinguruak 90eko hamarkadara eramaten du irakurlea, nafar historia garaikideko une gogoangarri bezain mingarrienetako batera: Itoizko urtegiaren eraikuntza, eta honen eskutik urpean gelditu ziren zazpi herrien erresistentzia borroka. Labakak gogoratu bezala, “garuneko karpeta batean gordeta” zituen Itoizi lotutako istorioak, borrokak eta zauriak, eta horren inguruko zerbait idaztea oso “potentea eta interesgarria” zela iruditzen zitzaion. “Detonantea”, hain zuzen, Euskalerria Irratian entzundako albiste bat izan zen, Artozki herrian bere garaian antolatu zen erakusketa bateko artelanen berreskurapenaren ingurukoa.
Abiapuntutzat hori hartuta, alta, “ama-alaba baten arteko inkomunikazioa” du Murmur-ek erdigunean. “Ama da, nolabait borroka eta erresistentzia horietan parte hartu zuena, gauza asko isilik gorde dituena. Eta alabari, albistea entzun eta zerbait piztuko zaio barruan, atzera begirako bidaia hori abiatuko du, zerbait erreskatatu nahian”. Istorioa, hala, urpean itotako borrokez eta isiltasunez eraiki dute egileek, bai hitzen bai ilustrazioen bitartez. Hartara, "ez da kasualitatea" erresistentzia borroka horren protagonista "ama izatea, eta ez aita", emakumeen ahotsa ere ahanzturan itota gelditu den zerbait baden heinean.