Printzipioak eguneratzeko baliatuko duzue XVI. Kongresua. Zergatik?
1976an sindikatuak zeuzkan erronkak eta borrokak aldatu egin dira eta azkeneko 48 urte hauetan eman diren barne eta kanpo eraldaketak eguneratu nahi ditu sindikatuak. Azkeneko hamarkadetan emandako aldaketak aintzat hartu nahi ditu sindikatuak: borroka klimatikoa, feminismoa, aniztasuna, antiarrazismoa... 1976an ez zituen horiek kontuan hartu Euskal Herria desberdina zelako eta baita sindikatua ere.
Idazkari nagusi izaten segitzeko asmoa adieraziko duzu.
Ez da sindikatu presidentzialista bat. Talde bat aukeratzen da, hamabi lagunok osatuko duguna, sei emakume eta sei gizonek. Logika kolektiboan ulertu behar da. Hiru lagun atera eta hiru sartuko dira. Belaunaldiz-belaunaldi egiten diren aldaketa logikoak dira.
Gizarte zibilaren parte hartzea eta mobilizazio soziala aldarrikatzen dituzue. Zertarako?
Ezinbestekoa delako. Langileak antolatzen ditugu gizartea eraldatzeko eta horretarako egungo politikak aldatu behar dira. Ezinbestekoa da gizartea antolatzea eta hori da funtsean planteatzen duguna. Aldaketak kaletik etortzen dir: sindikatuetatik, feminismoak egiten duen ekarpenetik edo pentsionistek egiten dutenetik, adibidez. Gure ustez mobilizazio soziala eta antolakuntzaren bidez, lan zentroetaz hitz egiten dugunean, ezinbestekoak dira eraldaketetarako.
Osasuntsu iristen da ELA kongresura?
Ba bai. Eta hori oso albiste ona da guretzako. 104.000 afiliaturekin iristen gara, aurreko kongresuan baino 3.000 gehiagorekin. Euskal Herrian ELA da lehenbiziko sindikatua: EAEn %40 baino gehiagoko ordezkapenarekin, Nafarroan %23tik gertu gaude. Gaur egun ELAK duen zerbait da kohesioa eta sendotasuna. Horiek ezinbesteko elementuak dira aurre egiteko langile klaseak dituen erronkei. Sindikatuak tresna bat da langileen mesedetara. Tresna hori zenbat eta sendoago orduan eta aukera gehiago izanen ditu langile klaseak lan baldintza eta bizi baldintzak hobetzeko.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!