Bingen Amadoz: “Alpeetan herrialde askeago bat aurkitu genuen”

Unai Lako Goñi 2025ko mar. 24a, 20:05

‘Mendiak ogibide’ liburua argitaratu du Bingen Amadozek. 60. hamarkadan familiarekin Alpeetan bizitzen egon zireneko lau urteetako oroitzapenak bildu ditu

“Frantziaren izkina ezkutu eta ez oso garatu hartan, Hendaiatik eta Portboutik urrun, gizon-emakume erreferentzialak laketurik zeuden, Hegoalderantz muga pasatzerik ez zutenak: euskaldunak eta katalanak, Franjako aragoiarrak eta Euskal Herriarekiko lotura zuten kantauriarrak, denak ala denak gerra-iheslariak”.

Bingen Amadoz kazetariak Mendiak ogibide liburua kaleratu berri du. Duela 13 urte gaztelaniaz publikatu zuen eta orain Josu Jimenez Maiak itzuli du euskarara. Baina ez da itzulpen soil bat izan. Liburua berrikusi, osatu eta oroitzapen berriak jaso ditu Amadozek, kapitulu berriak gehituz. Dakit Argitaldaria argitaletxearekin kaleratu du lana, Iragana gogoan bildumaren barruan.

1961. urtean, frankismo betean, Alpeetara joan zen Bingen Amadoz bere anaiekin eta amarekin. Aita han zebilen lanean bi urte lehenagotik, mendian. Lau urte eman zituzten herri desberdinetan. Aldaketa erabatekoa izan zen: herrialde berria, hizkuntza berria, lagun berriak eta bizimodu desberdin bat. Diktaduratik errepublikara egin zuten bidea: “Herrialde berrian arnasa hartzen genuen, ez baikinen horren gaiztoak sentitzen”, onartu digu Bingen Amadozek.

Eskola garaiak, umeen jokoak, amaren bizimodua, aitaren lana, Eguberrietan etxera itzultzen zireneko momentuak edota heriotza gertutik lehen aldiz bizi zueneko oroitzapenak pilatu ditu Bingen Amadozek Mendiak ogibide liburuan.

“Herrimina arrastakan daramaten gizon-emakumeak. Gertukoak, etxea, paisaia ezagunera inoiz itzuliko ote den zalantza gorrian bizi. Mundu berri batera egokitu beharra. Aurrean lainoa. Eskuetan eskasia. Bihotzean kezka. Ongi etorria emanen digute? Estu besarkatu gintuzten agurtzerakoan. Beso zabalik aurkituko dugu norbait? Galderak golkoan. Erantzunak etorkizunean.

Gure patuak mendietara eraman gintuen. Elurra, hotza, negu luzeak. Hala eta guztiz ere, gure zain, han, jende ona zegoen”

Irrintzi Plaza saioan liburuaz patxadarekin hitz egiteko aukera izan dugu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!