Pandemiaren hasieratik bost urte betetzen diren honetan Markel Flores larrialdietako langilea; Amets Inda, COVID-19 iraunkorra duen gaixoa; Mikel Zabaleta, Leitzan Nafarroako lehenengo baheketa masiboa egin zenean alkate zena, eta Koldo Osinaga, San Juan Xar elkarteak antolatutako herritarren sareko koordinatzailearekin hitz egin dugu, pandemiako lehenengo hilabete horietako bizipenak gogorarazteko.
2019. urteko abenduaren 31n, urte zahar gaueko afarian, mozorroetan edota festan ari ginen pentsatzen, urte berri on mezuak bidaltzen mugikorretik modu konpultsiboan, Cristina Pedrocheren jantziari begira, Ramon Garziaren kapa faltan botaz…
Baina egun horretan bertan Munduko Osasun Erakundera alerta mezua iritsi zen. Txinan, Wuhanen zehazki, jatorri ezezaguneko pneumonia biral bat detektatu zen. 11 milioi biztanleko hiri batean 41 kasu atzeman zituzten. Urtarrilaren 9an jarri zion agerraldi horri izena Txinako Gobernuak: SARS-CoV-2, koronabirus mota berri bat. Urtarrilaren 12an lehenengo heriotzaren berri izan genuen. Orduan noski, gure informatiboetan ia espaziorik ez zituzten albisteak izan ziren. Pertsonen artean kutsatu zitekeen birusa zela ohartarazi zuten orduan eta Txinako gobernuak neurriak hartu zituen: ospitale erraldoiak egin ziren Hubei eskualdean, mugak itxi ziren eta komunikazioak eten. Hildakoak 41 ziren jada.
Europar Batasuneko hiritar baten lehenengo kutsatze kasua Bordelen atzeman zuten. Urtarrilaren 24. Ondoren, Munduko Osasun Erakundeak nazioarteko osasun larrialdia ezarri zuen eta izena jarri zitzaion gaixotasunari: COVID 19.
Urrun ikusten genuen arazoa zen, sinesgarritasun handia ez genion ematen eta brometan ere hartzen genuen.
Baina otsailaren bukaeran lehenengo kasua eman zen Euskal Herrian. Araban izan zen. Eta jarraian bigarren kasua, eta ondoren Bizkaian ere atzeman zen lehenengoa…
Eta otsailaren 29an Nafarroan lehenengo kasua ere detektatu egin zen. Belgikara bidaiatu zuen 39 urteko emakume bat. Bere bikotea izan zen Nafarroako bigarren kasua.
Martxoaren 11n, Munduko Osasun Erakundeak pandemia deklaratu zuen. Lantegi batzuetako langileak etxera bidali ziren eta 135.000 ikasleak ere etxera bidali ziren. Hotel batzuk ere gaixoak artatzeko prestatu ziren.
Eta horrela iritsi ginen 2020. urteko martxoaren 14ra. Pedro Sanchez Estatuko presidentea alarma-egoera ezarri zuen eta itxialdia edo konfinamendua agindu zuen 15 egunetarako. Baina bi astetan behin alarma-egoera luzatzen joan zen ekainaren 21a arte: txaloak arratsaldean, bideo-deiak lagun eta familiarekin, komuneko paperaren beharra konpultsiboa, segurtasun indarretako kideak paseoan kaletik txaloak jaso nahian urteak betetzen zituzten umeei jostailuak oparituz, beste batzuk gaixotasunak jota hiltzen zirenak agurtu ezin zituzten bitartean, elkartasun sareak eta auzolanak pertsona zaurgarriak laguntzeko, kaleak hutsik eta txoriak kantuan eta basurdeak, oreinak eta azeriak gure ibaietako ertzetan paseoan lasai askoan. Ah eta El Duo Dinamicoren Resistiré. Eta Fernando Simon egunero telebistan, pandemiaren datuak ematen eta almendra batekin arazoetan ere ikusi genuen.
Ekainaren 21ean kalera ateratzeko aukera izan genuen, baina neurri handiak hartuta. PCR probak, tabernetan eserita egotearen beharra, elkarteak itxita, herriko jaiak bertan behera, masiboak ziren ekitaldi edota bilerak murriztuta, atzerrira bidaiatzeko ez zegoen aukerarik eta maskarak iritsi ziren gure bizitzetara. Hasiera batean ez zen derrigorrezkoa beti eramatea, baina 2020ko irailean iritsi zen pandemiako bigarren agerraldi masiboa, eta orduan maskarak gure bidelagun bihurtu ziren egunerokoan.
Abenduaren 27an iritsi zen txertoa. El Vergel egoiliarren egoitzako 143 kideri jarri zioten Nafarroan lehenengoz txertoak. COVID-19 gaixotasunaren aldaerak ere iritsi ziren, olatu kasu berriekin batera: Alpha, Beta, Gamma, Delta…
Eta 2021eko abenduan Omikronek ere bisitatu gintuen. Ez zen hain bortitza, baina kutsakorragoa bai ordea, erraz zabaltzen zen, 140.000 kasu berehala atzeman ziren Nafarroan.
2022. urteko otsailean kendu genituen maskarak. Eta 2023ko uztailaren 5ean publikatu egin zen Estatuko Buletinean pandemiaren bukaera iragartzen zuen dekretua. Agur pandemia eta kaixo adimen osasuna edota osasun mentala, kaixo arazo psikologikoei, kaixo medikuen saturazioa, kaixo pandemia berri baten beldurrari.
COVID-19ak 2.200 hildako utzi ditu Nafarroan, 10.000 ospitalizazio, horietatik 900 ZIUn. Ia 300.000 positibo (naiz eta osasun departamentuak esaten du 480.000 ere izan daitezkeela kutsatutakoak denbora guzti honetan) eta 2 milioi txerto jarri dira. Gaixotasuna ez da joan: 2023an eta 2024an ia ehun hildako eragin ditu. Eta oraindik ere errealitate hau ezeztatzen duenik bada.