Jon Abril: “Ziklo honen helburua tokian tokiko sortzaile eta egileen lanak herri txikietatik barreiatzea da”

Unai Lako Goñi 2025ko ots. 19a, 18:55

Landa Adimena kultur zikloaren barruan ‘Neskatoak’ dokumentala eta ‘Isildutako eskuak’ liburua aurkeztuko ditu Urrotzen otsailaren 21 eta 28an

Mendialdea, Erdialde eta Erriberako herri txikietatik kultura barreiatzeko zikloa da Landa Adimena. Helburuen artean daude tokian tokiko sorkuntzari ikusgarritasuna ematea, komunitate-sentimendua indartzea eta landa errealitateei buruzko eztabaida bultzatzea. Cederna Garalur, Zona Media eta EDER tokiko garapen agentziek bultzatu dute proiektua eta koordinazioa Karekin Kultura enpresako Kati Leatxe kultur kudeatzailearen esku dago.

Zinema-forumak eta literatura topaketak antolatu dira 18 herrietan, euskaraz eta gaztelaniaz Euskaraz egingo diren saioetan, Jon Abrilek zuzendutako Neskatoak dokumentala eta Isildutako eskuak liburua aurkeztuko dira.

1940 eta 1970 urteen artean Ipar Euskal Herrira eta Frantziako beste hainbat tokitara lanera joandako emakumeen bizipenak jasotzen ditu Neskatoak dokumentalak. Frankismoaren urterik gogorrenetan, familia atzean utzi, eta bizimodu hobe baten bila joan ziren emakume horiek, nerabe eta neska gazteak. Baldintza gogorretan aritu behar izan zuten, 12 eta 14 orduko lan-jardunetan; askotan kontraturik eta paperik gabe; eta pasaporterik gabe, muga gordeka pasa behar izan zuten hainbestek. Baztan-Bidasoako 15 emakumeren bizipenak biltzen ditu 2016an euskaraz sortutako dokumentalak.

Isildutako eskuak. Emakume langileak gerra ondoko Euskal Herrian liburuak, Tere Mujika Saria eskuratu zuen. Irudipena dago XX. mendean, gerraostean, emakumeak oro etxean geratu zirela, familia zaintzen eta haurrak hazten, kanpoko lana gizonei utzita. Alabaina, legeek eta usadioek horretara bultzatu arren, izan ziren hainbat emakume, beharrak eta ausardiak hauspotuta, giroari aurre egin eta hainbat arlotan aritu zirenak. Esku finak eskatzen zituzten lanak izaten ziren, baina soldata-maila eskasekoak, sektore berean ari ziren gizonezkoek baino gutxiago irabaziz, gainera. Isildutako eskuak izan dira emakumeenak, haien ahotsa bezala. Liburu honek emakume horietako batzuen ahotsa eman nahi izan die, guztien izenean, haien ekarpen sozial eta historikoa ikusgarri egiteko.

Gaztelaniazko saioetan, Maddi Barber Lakabeko zinema zuzendariaren 592 metros dokumentala proiektatuko da eta Irunberriko Blanca Eslavaren Paisajes del agua lana irakurriko da, Asun Eslava ilustratzailearekin lankidetzan.

Egitarau osoa eta herrien zerrenda www.inteligenciarural.org webgunean ikusi daiteke. Irrintzi Plazan, Jon Abrilekin mintzatu gara ziklo honetan aurkezten dituen bi lanen inguruan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!