Jon Bujanda (Karrikiri): "Euskaldunon barruko korapiloak askatzen saiatuko gara Astindu Topaketetan"

Miren Mindegia Petrirena 2025ko ots. 13a, 18:58

Karrikiri Elkarteak eta Plazara ekimenak elkarlanean anolatu duten eta martxoan abiatuko den ikastarorako izen ematea otsailaren 20ra arte egonen da zabalik

Euskararen biziberritzean dabiltzan eragile euskaldunak ekarpen teorikoz sendotzeko ikastaroa. Horixe da Karrikiri Elkarteak eta Plazara egitasmoak elkarlanean antolatu duten Astindu Topaketaren funtsa. Martxoaren 22an eta 29an eta apirilaren 5ean eta 12an, 9:00etatik 13:00etara emanen dira saioak Eusko Kultur Fundazioan. Otsailaren 20ra arte egonen da zabalik izen-ematea, eta Karrikiriren webgunean egin daiteke.

Ikastaroa euskaraz bizitzeari lotutako "korapilo bat" askatu nahi dutenentzat da, izan erabilera, diskurtsoa edo hizkuntza-bizikidetza, besteak beste. Halaber, euskararen ekintzailei, kultur sortzaileei, bere inguruan euskararen presentzia indartu nahi dutenei edo eta euskararen biziberritzean amets eta epika berriak nahi dituztenei ere zuzentzen zaie, baita "amets berriak eraiki nahi dituztenentzat" ere, Jon Bujanda Karrikiriko kideak argitu moduan.  

Saioen dinamikak bi atal izango ditu. Alde batetik, arlo zehatz bateko sona handiko aditu baten hitzaldia emanen da; eta bestalde, azpimarra teknikoak egiteko tartea egonen da, baita korapilo horietatik abiatuta esperientziak partekatzekoa ere, modu parte-hartzailean.

Saioen egutegia eta edukiak hauek izanen dira: 

Martxoak 22: Nondik gatoz?

  • Hitzaldia: Txepetx, Fishman: iraultza soziolinguistikoetatik, gaur egungo komunitate estrategia eta jauzi politikoetara. Jon Sarasua (HUHEZI, Euskaltzaindia).
  • + Azpimarra teknikoa: soziolinguistika oinarriak berrikusi: hizkuntza komunitatea, hizkuntza minoritarioa vs minorizatua, hizkuntza funtzioak, diglosia, arnasguneak.

Martxoak 29: Nola gaude?

  • Hitzaldia: Hizkuntza transmisiotik sozializaziora: paradigma eta arau soziolinguistiko berrien bila. Jone Miren Hernandez (EHU).
  • + Azpimarra teknikoa: hizkuntza-sozializazioan trebatu: publiko segmentazioen dinamikak, segmentu bakoitzaren aktibazio eta behar posibleak.

Apirilak 5: Nola gaude?

  • Hitzaldia: Dantza eta euskararen zirikorda: burujabetasuna eta ahalduntzea. Aritz Ibañez (Duguna).
  • + Azpimarra teknikoa: auto-eraketa eta auto-finantzaketa, hizkuntza komunitatearen mundu ikuskera, tradizioa vs herri kultura, belaunaldi berriak eta transgresioa.

Apirilak 12: Nora goaz?

  • Hitzaldia: Astintzen gaituzten ametsak: euskaldunon komunitatearen etorkizuneko kontakizunak eta ekintzak. Rosa Ramos (Uharri).
  • + Azpimarra teknikoa: euskararen biziberritzearen kontakizuna eguneratu etorkizun ikuspegitik, eta komunikazio disimetrikoan trebatuta.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!