Joseba Alcalde (Agoizko Udala): “Bigantxen inguruan edozein erabaki hartu aurretik herriaren iritzia jaso nahi dugu”

Euskalerria Irratia 2025ko ots. 5a, 18:24

Bigantxak jaietan antolatzearen inguruko eztabaida sustatuko du Agoizko udalak, asteburuan egingo diren batzarretan

Agoizko Udalak banatu etxeetatik banatu dituen afixetan galdera zehatza irakurri daiteke: 2025eko Agoizko jaietan bigantxak antolatu edo ekitaldi alternatiboak antolatu? Erantzun zehatza lortzea, ordea, ez dirudi hain erraza. 1962an antolatu ziren lehen aldiz bigantxak Agoitzen. Jai egitarauan ohikoa bihurtu da, baina hamaika sentsibilitate eta iritzi daude bigantxen egokitasunaren inguruan. Izango da bigantxak gustuko dituenik eta ez dituenik, eta oso arrazoi desberdinengatik. Gaur egun, ordea, agoiztar askok ez dute parte hartzen ibilbidearen barruan, eta, iraganeko garaiekin alderatuta, bertaratutako ikusleen kopurua murriztu egin denez, Agoizko Udalak bizilagunei ekitaldiarekin jarraitu edota bestelako batzuk antolatzearen inguruan galdegingo die.

Asteburu honetan, kultur etxeak parte-hartze prozesu bat hartuko du planteatutako aukeraren inguruan. Bi saio osagarritan egingo da, ostiralean (19:00etan) eta larunbatean (18:00etan), 16 urtetik gorako herritarrei irekita. Bertaratzeko gonbita egin du udalak, proposamenak aurkezteko, eztabaidatzeko eta erabaki bat hartzen laguntzeko, "guztia elkarrizketa lasai, sortzaile eta errespetuzkoan oinarrituta, ikuspuntu bakoitza kontuan hartuta", udalaren aurkezpen ofizialak dioen moduan.


"Gai hau duela pare bat urtetik hona planteatu da Kulturgunea eztabaida foroan eta kultur taldeek jaien inguruan egiten dituzten balorazioetan. Horregatik, erabaki bat hartu aurretik, jendearen iritzia ezagutu nahi dugu ", esan digu Agoizko udaleko kultura eta jai zinegotzia den Joseba Alcaldek.

Ostiraleko saioan, "aldaketaren egoeraz, aldekoez eta kontrakoez eztabaidatzeko eta planteamenduak ezagutzeko balioko du", eta larunbatekoan, berriz, "eztabaida izango da". Nolanahi ere, udalak aurreratu duenez, "behiak kendu eta arratsaldez ekitaldi alternatiboak programatzea erabakitzen bada, 2025eko abuztuko jaietan proba pilotu gisa baino ez litzateke izango". "Horrela, 2026an, bi aukeren emaitza kalean aztertu ondoren, herri-bozketa bat egingo litzateke, behin betiko aldaketa bat egin nahi den ala ez erabakitzeko".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!