Julen Gabiria: "Joe Sacco politikoena agertzen zaigu 'Gerra Gazan' komikian"

Miren Mindegia Petrirena 2025ko ots. 4a, 19:12

'Palestina' komikiaren egilearen azken lana euskarara ekarri du Gabiriak, Astiberri argitaletxaren zigiluarekin. Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean aurkeztuko du gaur, 19:30ean

Astiberriren eskutik Joe Saccoren azken komikia iritsi da euskal literaturara. Gerra Gazan kazetari estatubatuarrak idatzitako Palestinako sarraskiaren inguruko gogoeta zorrotza da, bere lumaren puntaz Israelen ardura bakarrik ez eta Joe Bidenen Ameriketako Estatu Batuena ere salatzen duena. 

Palestina eta Oin-oharrak Gazatik lanekin gerra-kazetaritzaren izen handienetako batean bilakatu zen Sacco, Palestinaren okupazioaren narratzailea. Edward Said kritikari eta aktibista palestinarrak halaxe azpimarratu zuen: “Inork ez du Joe Saccok baino hobeto deskribatu egoera izugarri hori”. Gerra Gazan komikiak, aldiz, Palestiaren historia garaikidea eta sufrimendua aski ongi ezagutzen duen egile baten bakarrizketa suminduaren tankera hartzen du gehiago, kazetaritza kronikarena baino. Julen Gabiria itzultzaileraren iritziz, “Joe Sacco politikoena aurkitzen dugu hemen, suminduratik eta haserretik AEB-tako gobernuari kritika zorrotza egiten dioena. Zalantzarik gabe, oso lan ausarta da”. 

2024ko urtarrila eta ekaina bitartean The comics journal hedabidean argitaratu zituen Saccok liburu hau osatzen duten atalak, Israelek Palestinan abiatutako indarkeria oldarraldiaren aurrean “ahotsa goratzeko beharrari” jarraiki. Gabiriak berak argitu moduan, euskarazko bertsioa aurrekaria izan da, ingelesezko bertsioa baino lehenago argitaratu baita osorik, liburu formatuan. 

Gerra Gazan lanarekin, hala, Palestina-rekin eta Footnotes on Gaza komikiekin hasitako trilogia osatu du Saccok. Azken hau ere euskaratzeko bidean dagoela aurreratu du Gabiriak, aurtengo Durangoko Azokarako prest egonen dena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!