Iker Aramendia: “Nire birraitona-amonek hasitako bideari emango diogu jarraipena orain”

Unai Lako Goñi 2025ko ots. 4a, 19:06

Hiru urtez itxita egon eta gero Aramendia gozotegiak ateak ireki ditu berriro Zangozako kale Nagusian

1898an ireki zuten Aramendia Gozotegia Zangozan Benito Aramendia eta Felipa Arboniesek. 127 urte geroago, Iker Aramendiak jarraipena emango dio negozioari, hiru urtez itxita egon eta gero. Urtarrilaren 24an ireki zituzten berriro kale Nagusian kokatutako gozotegiaren ateak. San Babil egunean egin zuten, duela 127 urte lehenengo aldiz ateak ireki zituen egun berean.

Azkeneko bi urteetan Gabonetan ireki dute, baina opor egunak bukatzearekin itzaltzen zituzten labeak. Orain, epe ertain eta luzerako proiektua jarri du martxan Iker Aramendiak. Patricia Hiriart bizilagunarekin aspaldi ari zen negozia martxan jartzearen ideia aztertzen. Buenos Airesen jaioa, Hiriart gozogilea da eta errezeta berriak jarriko ditu martxan gozotegian.

San Blas opilak egin dituzte egun hauetan, Errege opilaren errezeta berberari jarraikiz. Hemendik aurrera ere, ohikoak ziren barboak salduko dituzte: merengez betetako arrain itxurako hostore pastela.

Etapa berri honetan lana eta familia uztartzeko moduko ordutegia izango dutela ere iragarri dute. Asteazken eta ostegunetan ateak itxita lan egingo dute, baina enkarguak jasotzera joateko aukerarekin; ostiral eta larunbatetan denda goizez eta arratsaldez egongo da irekita eta igandeetan goizez baino ez da irekiko. Astelehen eta astearteetan gozotegia itxita egongo da, baina gozogileek erantzungailuan enkarguak uzteko edo Whatsapp edo posta elektroniko bat bidaltzeko aukera egongo da.

Irrintzi Plazan Iker Aramendia gonbidatu dugu eta San Blas opila eta pasta gozoak ekarri dizkigu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!