Hastear da Bertsoaroaren edizio berria, Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak elkarlanean antolatzen duten egitasmoa. Datorren astean izanen du abiapuntu zehazki, otsailaren 4ean, eta otsailaren 27ra bitarte luzatuko da. Sei emanaldi izanen dira guztira aurten, askotarikoak eta anitzak.
Izan ohi den moduan, Bertsoaroak unean uneko bertsolaritzaren berri, kalitatez eta aniztasunez ematea du helburu. Programazioaren baitan, bi bertso jaialdi izango dira, Bertso Trama eta Iruñeko historia bertsotan bertso saioak, Bertso jasa bat-bateko jolasa haurrentzako tailerra eta, aurreko edizioetako arrakastari jarraipena emanez, bertso afaria ere izango da. Urteroko apustuari helduz, Nafarroako bertsolariei eta bertsolari gazteei protagonismoa eman nahi izan diete antolatzaileek.
Kondestable Civivoxean izango den saioak, baita Antzerki Eskolan egingo diren hiru emanaldiek sarrera librea izango dute aurten, lekuak bete arte. Haurrentzako tailerrerako izena eman beharko da aurrez, Nafarroako Bertsozale Elkartearekin harremanetan jarriz; eta, bertso afarirako, Geltokiren webgunean erosi beharko dira sarrerak, 32 euroan.
Sei emanaldi guztira
Bertsoaroaren 34. aldia, Bertso tramarekin hasiko da aurtengoan. Iratxe Legarra arduratuko da gaiak prestatu eta jartzeaz, eta, haiei kantari arituko dira herrialde ezberdinetako sei betsolari gazteak. Otsailaren 4an izango da saioa, Kondestable Civivoxean 19:00etan.
Otsailak 8 izango dugu bigarren saioa, bertso jaialdia izango da hau. Ohikoa den bezala, lehen mailako sei bertsolarik hartuko dute parte. Nafarroako Antzerki Eskolan izango da saioa 19:00etan. Saioa hasi baino ordu erdi lehenago, 18:30ean, Iruñeko V. Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa egingo da, ekitaldi xume batean.
Otsailaren 13an, 'Iruñeko Historia Bertsotan' Bertso- saio historikoa izango dugu. Honetan, Joseba Asiron historialariak Iruñeko zortzi pasarte ekarriko dizkigu, eta Ainhoa Larretxea gai-jartzaileak lagunduta horiei bertsotan arituko dira bi bertsolari gonbidatuak. Antzerki Eskolan izango da 19:00etan.
Otsailaren 20an izango da bigarren bertso jaialdia. Ibilaldi luzekoak eta gazteak, nafarrak eta beste herrialdeetakoak, egungo bertsolaritzaren berri eskainiko dute oholtzaren gainean izango diren puntako bertsolariek. 19:00etan izango da, Nafarroako Antzerki Eskolan.
Ostiralean, otsailak 21, Iturramako Civivoxean, 'Bertso Jasa, bat-bateko Jolasa' bertso-saioa eskainiko da 17:00etan. Haur eta gaztetxoez osatutako publikoari zuzendutako bertso-saioak dira hauek. Haurrak jolas eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proposatzen joango dira, eta modu horretan, bertso saioa osatuko dute bi bertsolari gonbidatuek. 8 eta 12 urte arteko haurrentzako tailerra da, eta izen-ematea ezinbestekoa da, nafarroa.sustapena@bertsozale.eus helbidera mezua idatzita edo 948143747 telefonora deituta, otsailaren 19a baina lehen.
Aurten ere, hirugarren urtez, ezinbesteko moduan emango diogu amaiera Bertsoari: bertso afariarekin. Geltokin izango da 20:30ean. Sarrerak Geltokiko webgunean bertan erosi daitezke, 32 euroan, eta bertan kontsultatu daiteke menua ere.