GIZALABAK

Liliuokalani, Hawaiiko lehen eta azken erregina

Miren Mindegia Petrirena 2025ko urt. 28a, 19:36

Abertzale amorratua eta bere herriaren defendatzaile sutsua, Lydia Kamakaehja inperialismoaren kontra borrokatu zen. Hauxe gaur Bakarne Atxukarrok ekarri digun Gizalaba

Liliuokalani edo Lydia Kamakaehja Hawaiiko lehen eta azken erregina izan zen. Nazionalista amorratua izan zen, injustizia sozialen eta estatubatuarraren inperialismoaren kontra borrokatu zen. Idazlea eta konpositorea ere izan zen. Inoiz ez zen gelditu bere nazioari askatasuna eta subiranotasuna itzultzeko ahaleginean.

Honolulun jaio zen, 1838ko irailaren 2an, hain zuzen. Zesar Kapakea eta Kamehameha III.a erregearen aholkulari Analea Keohokahloleren Buruzagi Handien laugarren alaba eta emakumerik zaharrena izan zen. Normalean, Lilino deitzen zioten etxean.

Lau urterekin goi mailako haurren ikastetxean matrikulatu zuten, eta bertan heziketa modernoa jaso zuen. Ikasle saiatua  eta, amazona bikaina zenez nerabezaroan errege-erreginaren segizioaren parte izan zen.

Lunalilo errege izango zenarekin konprometituta egon bazen ere; azkenean, Hawaiiko Gobernuko ofizial John Owen Dominisekin ezkondu zen, Bostongo ontzi-kapitain baten semearekin. Baina inoiz ez zen zoriontsua izan berarekin, eta seme-alabarik ez zuten  izan.

1874an, bere bizitza erabat aldatu  zen, David Kalakaua anaia Hawaiiko errege izendatu  ostean. Errege horrek etengabeko bidaiak egiten zituen atzerrira, eta gobernua arrebaren esku uzten zuen; beraz, gure gaurko gizalaba erregeordea  zen.

Erregeordetzarik luzeena 1881ean egin zuen, erregeak bederatzi hilabeteko mundu bira egin zuenean. Izan ere, hori egin zuen munduko lehen erregea izan zen. 

Garai hartan Lilinok gazteentzako eskolak antolatzen jardun zuen, besteak beste.

Sei urte geroago, bere nazioarteko bira egin zuen, eta Grover Cleveland Estatu Batuetako presidenteak harrera egin zion.

1891n anaia hil zitzaion, eta inor ez zuen harritu erregina tronura iritsi izanak. 53 urte zituen, eta Hawaiko biztanleak haren  agintzeko modura ohituta zeuden.

Beti bere kulturaz eta herriaz harro, bere nazionalismoak lurjabe gringoen jomugan jarri zuen bere erregealdiko lehen egunetik. Ez zioten barkatu bere anaiak Estatu Batuei merkataritza-kontzesio pribilegiatuak emateko eta Pearl Harborreko portua lagatzeko sinatu zuen itunaren aurka egotea. Ez zitzaien gustatu, ezta (ere), Txinako merkatariei mesede egiten zien opioaren inportazioa eta salmenta  baimentzen zituen lege bat onartzea, ezta loteria legeztatzea ere. Gainera, erreginak Konstituzioak ezartzen zuen sufragioa ezabatzearekin mehatxatu zuen (amerikarrei eta europarrei bakarrik bozkatzen uzten zien sufragioa, hain zuzen), eta, beraz, izendatu eta bi urtera, estatu-kolpe batean boteretik kendu zuten.


AEBetako presidente Grover Clevelandeko gobernuak, ordea, Liliuokalani boteretik kentzea legez kanpokoa izan zela erabaki zuen, eta tronura itzultzea eskaini zion, erantzule guztiei amnistia emanez gero. Baina berak uko egin zion, eta kroniken arabera, burua moztuko ziela hitz eman zuen. Horren ondorioz, ez zioten tronura itzultzen utzi, noski.

Gero, iritziz aldatu zen, eta Willis ministro estatubatuarrak Hawaiiko behin-behineko gobernuari eskatu zion birgaitu zezatela, baina haren ordezkariek uko egin zioten, badaezpada ere.

Azkenik, 1894ko uztailaren 4an, Hawaiiko Errepublika aldarrikatu zen, eta Sanford Ballard izendatu zuten presidente. Bera izan zen monarkiaren abolizioa eskatu zuen lehenetarikoa. Eta Estatu Batuetako gobernuak, jakina, berehala onartu zuen eskaera.

Hurrengo urtarrilean, huts egindako matxinada  baten ondoren, erregina ohia atxilotu egin zuten, bere egoitzako lorategietan su-armak aurkitzeagatik (horrelakorik gertatu zenik beti ukatu zuen gure Lilinok), eta matxinadaren prestaketaren berri izateagatik. 

Bost urteko lan behartuak egitera kondenatu zuten kartzelan, eta 5.000 dolarreko isuna ezarri zioten. Baina zigorra kommutatu zioten, eta bere jauregiko goiko logeletako batean konfinatu  zuten, indultua handik urtebetera jaso arte.

Onipa 'a mugimenduaren  buru bihurtu zen. Mugimendu horren leloa "Hawai, hawaiiarrentzat" zen. Taldeak tronua berreskuratzeko egindako ahalegin guztiek porrot egin zuten, ordea.

Bi urte geroago, Hawai AEBek nola anexionatu zuten ikusi behar izan zuen, AEBetako Kongresuaren ebazpen aho bateko baten bidez. Urte horretan 'Hawaiiko Erreginaren Historia' liburua argitaratu zuen, eta 'Aloha Oe' konposatu zuen, uharteetako himno ez ofiziala.

Anexioaren ondoren gobernu federalaren aurkako demanda aurkeztu zuen, deus lortu gabe. Ez zioten jaramonik egin, baina Hawaiiko batzar legegileak 4.000 dolarreko urteko pentsioa ematearen alde bozkatu zuen, eta 6.000 akreko (24 km²) azukre-sail baten errentak jasotzeko  eskubidea eman zion.

Washington Placen zegoen jauregira joan zen bizitzera, eta bertan bizi izan zen herritar anonimo gisa, 1917ko azaroaren 11n hil zen arte, 79 urte zituela, odol-kolpe  baten ondorioz izandako konplikazioengatik.

1993an, boteretik kendu eta mende batera, AEBko Clinton presidenteak Kongresuaren ebazpen bat sinatu zuen, AEBko Gobernuak jatorrizko herri hawaiiarrari barkamena formalki eskatzeko.

Eta 2024an Liliuokalani Komunio anglikanoko santuen egutegian sartu zen. Urtarrilaren 29an ospatzen da haren eguna.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!