Naizen, adin txikiko transexualen familien elkarteak haurtzaro eta nerabezaro transen eskubideak aldarrikatzen emandako hamar urteko ibilbidea ospatuko du datorren otsailaren 1ean. Hamar urte bete dira zortzi familia bildu zirenetik ordura arte gizartearen imajinarioan lekurik ez zuen errealitate bat ikusarazteko.
Hamarkadaren ospakizuna orain arte egindako bidearen balantzea egiteko baliatu du Bea Sever elkarteko bozeramaileak, baita egun dauden kezkak azaldu ere: "Lehenengo zortzi familiak lanean hasi ginenean ezjakintasun handia zegoen gaiaren inguruan, baina babes handia sentitu genuen, trans errealitateak ezagutzeko gogoa zegoen. Gerora, erronkak aldatu egin ziren. Baina gaur egun, estatu mailan trans legea atera zenetik, indarkeria sinbolikoa eta fisikoa areagotu dela sumatzen dugu".
Maitane Unzu aspaldidanik da Naizeneko kidea. Bere kasuan, aldaketa handiena familiak eta inguruak eman behar izan zuen, Lur alabak txikitatik adierazi zuelako zein zen bere izatea: "Erabakia hartu genuen Naizenera hurbiltzeko eta izugarrizko babesa sentitu genuen hasieratik. Hor ohartzen zara zenbat gauza daukaten komunean errealitate hau bizi dutenek, zenbat istorio dauden bizi txiki hauetan".
Amurrion izango den ekitaldian, gaur egun elkartea osatzen duten 320 familietako asko bilduko dira, baita azken urteetan bidelagun izandako ordezkari politiko, elkarte eta profesionalak. Horietako batzuen ekarpena saritzeko ere baliatuko da hitzordua. Alde batetik, Kattalingune eta Harrotu zerbitzu nafarren sexologoak sarituko dituzte.
Beste alde batetik, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek jasoko dute merezimendu hori, Naizenen ondoan beti egoteagatik, ekitaldi eta kanpainetan parte hartuz eta material eta ikuskizunen bidez haurren transexualitatea zabaltzen lagunduz.
Ekitaldian zehar Haur eta gazte transexualitatearen inguruko Nazioarteko Biltzarra emango da ezagutzera. Aurrekaririk gabeko kongresu akademiko honek Europa osoko ikerketa eta eskuhartze lanetan ari diren maila handiko profesionalak bilduko ditu Bilbon. Biltzarra haur eta gazteekin lan egiten duten arlo ezberdinetako profesionalei zuzenduta dago nagusiki; hezkuntzan, osasun arloan, gizarte zerbitzuetan, etab.
Baita bidelagun izan nahi eta ebidentzia zientifikotik egin nahi duen edozeini. Izena emateko epea dagoeneko zabalik dago eta biltzarraren orrian egin daiteke: https://www.naizeninternationalconference.com/?lang=eu