Suberri Matelo eta Oihane Mendizabal (Aranzadi): “Gendulaingo indusketak herriko biztanleekin elkarlanean egingo ditugu”

Unai Lako Goñi 2025ko urt. 27a, 17:58

Agoizko Historia Elkarteak (HIDEA) ‘Gendulain-San Roman Ermita: Bake Lekua’ proiektua jarri du martxan Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin

Agoizko herrigunetik gertu, Gendulaingo Erdi Aroko herri hustua baitago. Gaur egun, San Roman baseliza baino ez da geratzen zutik, agoiztarrentzat eta inguruko bizilagunentzat ikusgarri eta erreferente dena. Baseliza honek balio sinboliko handia du, gerra testuinguruan zegoen Erdi Aroko Nafarroan, bakerako mugarri historiko erabakigarria gertatu zelako: agaramontarren eta beaumontarren arteko bake itunaren sinadura.

Memoria berreskuratu eta leku hau ezagutzera emateko asmoz, Agoizko Historia Elkarteak (HIDEA) “Gendulain-San Roman Ermita: Bake Lekua” proiektua jarri du martxan. HIDEAk bultzatutako tokiko ekimen honen bitartez eta Agoizko Udalaren laguntzarekin, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin, Cederna Garalurren laguntzarekin ere, Gendulaingo herri hustuaren eta San Roman baselizaren historia eta balizko aztarna arkeologikoak sakonago ikertuko dira. Guztia Caja Navarra eta La Caixa Fundazioek bultzatutako Innova programaren dirulaguntzarekin.

Proiektuak 2 urteko luzera izango du eta fase desberdinetan banatu da. Hasierako hilabete hauetan HIDEA elkarteko kideak dokumentazio lana ari dira egiten, Gendulainen inguruan dagoen informazio guztia pilatu nahian. Hori prest dutenean eta Agoizko eskolarekin elkarlanean, ume eta gazteentzako ikastunitatea prestatuko dute.

Uda aldean iritsiko dira indusketak. Gendulainen herria egon zela dokumentaturik dago, baina zenbat biztanle, etxe edo eremu izan zituen ez dago argi. Zalantza hauei guztiei erantzun bila egingo dira indusketak, bi data desberdinetan.

Proiektuaren azkeneko fasean, San Roman baselizan panel informatiboa eta eskultura bat jarri nahi dute antolatzaileek, eta horretarako ideia lehiaketa deituko dute. Bukatzeko, festa antolatu nahi dute Gendulainen eta horretarako herriko kultur elkarte eta eragileen parte hartzea aurreikusten dute.

Irrintzi Plazan Suberri Matelo eta Oihana Mendizabal, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak elkarrizketatu ditugu proiektuaren inguruko xehetasunak biltzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!