Iker Narbona: "Genero indarkeria jasan duen eta seme-alaba adingabeak dituen emakumea etxerik gabe gera daiteke Burlatan"

Euskalerria Irratia 2025ko urt. 24a, 08:38

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak salatu du bost seme-alaba dituen emakume bat, horien artean hiru dira adingabeak, eta genero indarkeria jasandakoa etxetik bota nahi dutela urtarrilaren 30ean eta ez duela beste etxebizitza aukerarik jaso. Iker Narbona sindikatuko kidearekin hitz egin du Euskalerria Irratiak. Elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke. 

Guraso bakarreko familia bat etxegabetu lezakete Burlatan datorren astean. Iruñerriko Kontseilu Sozialistaren Etxebizitza Sindikatuak bere sare sozialetan iragarri du 5 seme-alaba dituen ama hau zein egoeratan dagoen. Seme-alabetatik 3 adin txikikoak dira eta haren ardurapean daude. Datorren asteko ostegunean, urtarrilaren 30ean, finkatua dute etxetik kaleratzeko data. “Kasu bereziki odoltsua da hau”, adierazi dute sindikatuko kideek.

Emakumea eta orduan bere senarra zena 2013an sartu ziren etxean bizitzera: “pisua gizonaren familiarena zenez, alokairu harremana hasiera batean ahozko kontratu bidez ezarri zen, nahiz eta errenta hilero ordaintzen zuten, edozein alokairutan bezala”, azaldu dute etxebizitza eskubidearen aldeko kolektibotik. Denborarekin, ordea, egoera aldatu egin zen. Emakumea indarkeria matxistaren biktima izan zen hainbat urtez; hori dela eta, senarra espetxean sartu zuten eta urruntze agindua ezarri zioten, nahiz eta hau dagoeneko ez dagoen indarrean. Gaur egun, emakume hau genero indarkeriaren biktimak babesteko programa batean dago. Pisu horretan bizitzen eta alokairua ordaintzen ia hamabi urte daramatzan arren, etxejabeak -erasotzailearen senidea dena- bota egin nahi du, antza denez “pisua saltzeko”.

Gaur egun, etxegabetzeen moratoria bat dago indarrean 2025eko abenduaren 31ra arte espainiar Estatuan. Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik nabarmendu dutenez, “teorian, pertsona zaurgarrien etxegabetzeak bertan behera utzi behar zituen, baina ikerketa batzuek erakutsi dute bide judizialetatik egindako etxegabetzeen % 70-75 inguruk gauzatzen jarraitu dutela”. Diotenez, kasu batzuetan ez da moratoria aplikatzen kanpotik presioa egin arte, joan den urrian salatu zuten etxegabetze prozedurarekin gertatu zen bezala –Ibercajak emakume bat etxegabetu nahi izan zuen Artikaberrin–. Kasu hartan, etxegabetzearen egunean bertan oraindik ez zegoen hura eteteko ebazpen judizialik, baina “etxebizitza sindikatuak prozesuan zehar egindako presioari esker, 2028ko maiatzera arte aplikatu zitzaion hipotekagatiko etxegabetzeen moratoria”, adierazi dute kolektibotik.

Burlatako etxegabetzera itzuliz, ez da moratoria aplikatzen, senar ohia jada ez denez hor bizi emakumea ez delako pisuko maizter gisa aitortzen. Sindikatuaren hitzetan, “aldeen artean zeukaten alokairu harreman informalaz baliatu da etxejabea; hau da, alokairu konbentzional batek berekin dakartzan froga idatzi horiek guztiak ez dauden egoera honetan, epaileak arrazoia eman dio errentatzaileari emakume hau legezko maiztertzat ez hartzeko erabakian, nahiz eta berak urte luzez ordaindu hileroko errenta, edozein alokairutan gertatzen den bezala”. Hots, “ez dute onartzen errentatzaile-maizter harremana dagoenik, nahiz eta kasu honetan erabat agerikoa izan”.

Maizter gisa izan beharko lituzkeen eskubideak ukatzen zaizkionez, aplikatzen zaion etxegabetze prozedura “prekario” gisa ezagutzen dena da; okupazio kasuak eta ohiko alokairuez bestelako egoerak biltzen dituen kontzeptua, alegia.

Horrelako egoeretarako, moratoriak baldintza askoz zorrotzagoak eskatzen ditu, 11/2020 Errege Lege-Dekretuaren “1 bis Artikuluan” jasotzen direnak. Etxebizitza sindikatuaren iritziz, “baldintza horiek eta epaileek moratoria aplikatu ala ez erabakitzeko duten diskrezionalitateak kasu asko kanpoan uzten dituzte”. Emakume honen kasuari dagokionez, etxejabeak “edukitzaile handiak” -jabetzan 10 etxebizitza baino gehiago- direla frogatu ezin denez, ez da moratoria aplikatzen eta, beraz, ez da atzeratu etxegabetzearen data: urtarrilaren 30a.

Alternatiba falta eta genero indarkeriaren ondorioak

Emakumea, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak lagunduta, gizarte zerbitzuetara askotan joan bada ere, ez zaio etxebizitza alternatibarik eskaini. Etxetik kaleratzeko astebete falta denean, berak eta bere seme-alabek bizi duten ziurgabetasun egoera erabatekoa da.

Sindikatuko kideek diotenez, “errealitate honek agerian uzten du indarkeria matxista ez dela une jakin batean tratu txarrak jasatera mugatzen, baizik eta indarkeria hori pairatzen duten emakumeen bizitzan maila guztietan ondorio iraunkorrak dituela”. Horrek ekarriko luke, askotan, “euren bizimodua nabarmen aldatzera behartuta egotea, erasotzailearengandik banandu ondoren ere”, bereziki “biktimak langile klaseko emakumeak direnean”. Kasu zehatz honetan, azaldu dutenez, “indarkeria hau pairatu duen emakumea bere seme-alabekin batera etxegabetu dezakete, hain zuzen ere, senar ohiaren eta erasotzailearen familiari lotuta jarraitzeagatik”, eta horrek, etxebizitza sindikatuaren hitzetan, “birbiktimizazio nabarmena” suposatzen du.

Ildo beretik, erakundeen babes programei kritika egin diete. Haien atzean “borondate ona” egon daitekeela onartu arren eta emakume askoren “segurtasun sentsazioa areagotzen” laguntzen badute ere, “oso mugatuak dira eta ez dute balio genero indarkeria jasaten duten emakumeen errealitateari benetako irtenbide bat emateko”. Sindikatuaren iritziz, “honen gisako egoerek, zeinetan etxebizitza bezalako oinarrizko beharrak jokoan dauden, erakusten digute erakundeek huts egiten dutela benetako alternatibak eskaintzeko orduan, eta sakoneko arazoak konpontzeko duten ezintasuna agerian geratzen da”. Zentzu horretan, honako galdera bota dute: “zein babes da aldarrikatzen dutena, emakume bat kalean geratzea uzten badute hain zuzen ere pairatzen zuen indarkeria salatu izanaren ondorioz?”. Antolakundearen esanetan, “estatu kapitalistaren instituzioek, azken finean, etengabe desberdintasun sozialak sortzen dituen sistema honen zerbitzura jarduten dute, eta beraz, egiturazko arazoen konponbidea ez da haien eskutik etorriko, zenbait egoera partikular arindu baditzakete ere”.

Babesgabetasun egoera

Emakume honek pairatzen duen erabateko babesgabetasun egoera salatu dute etxebizitza sindikatuko kideek, “legearen aurrean, erasotzailearen aurrean eta instituzioen aurrean”. Legearen aurrean, “pertsona zaurgarrien etxegabetzeak gelditzen dituztela esaten dutelako eta kasu honetan, beste askotan bezala, ez dutelako aplikatzen”. Erasotzailearen aurrean, “indarkeria matxista sufritzeaz gain, badirudielako emakume honek ez duela eskubiderik bere etxean bizitzeko, ezta maizter gisa defendatzeko gutxieneko berme batzuk izateko ere, dagoeneko senar ohiarekin ez bizitzeagatik”. Eta instituzioen aurrean, “beharra duten pertsonak babesten dituztela esaten dutelako baina etxegabetze datatik astebetera etxebizitza alternatibarik eskaini ez dutelako”. Honek guztiak, gaineratu dute, “defensa-gabezia” egoera larrian uzten du familia, “gizarteko sektorerik kolpatuenek neurri handiagoan pairatzen dutena beti, langile klaseko emakumeek, esaterako”.

Etxegabetzea gelditzeko deia

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak etxegabetzea geldiarazten saiatzeko deialdiaren berri eman du: datorren urtarrilaren 30ean izango da. Horren inguruan, diotenez, aurrerago azalduko dituzte “lekua eta ordua” bezalako xehetasunak, aurreko egunetan burutuko dituzten “beste ekimen batzuez” gain. Eta honako mezua zabaldu dute: “etxegabetzea gelditzea exijitzen dugu, mahai gainean kalitatezko etxebizitza alternatiba bat ez dagoen bitartean bederen”. Azkenik, deialdi ireki horretara bertaratzeko gonbita zabaldu dute, izan ere, haien ustez, “antolakuntza independentearen eta borrokaren bidez soilik egin ahal izango diegu aurre horrelako egoerei”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!