Chill Mafia: "Talde armatu bezala desegin gara, baina lagun eta sormen talde bezala segituko dugu"

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko urr. 23a, 12:38

Duela lau urte Chill Mafia egurrean hasi zelarik, Euskal Herrian guztiz ezohikoak ziren autotunedun eta gitarrarik, baxurik eta bateriarik gabeko taldeak. Egun, aldiz, andana dira. Musika urbanoan aitzindari izan dira. Eszena freskatzera etorri ziren eta egin dute. Zeregin horretan, alta, beraiek galdu dute freskura: erran beharrekoa erran dute, egin beharrekoa egin dute eta aspertu egin dira. Taldea horregatik deseginen dutela diote. Ez ei dago haserrerik edo diru konturik tartean. Edonola ere, haien azken diskoa, Agur eta ohore x alla va la despedida, karrikaratu berritan, solasaldian beti bezain txinpartatsu sumatu ditugu.

Zergatik desegin behar duzue Chill Mafia?

BEÑAT RODRIGO KILIKI FREXKO: Jada erran dugulako erran behar genuena eta jada eginda dagoelako gure laborea.

JULEN GOLDARAZENA FLAKO FONKI: Eta taldekide asko jada proiektuaz nahiko aspertuta gaudelako. Hasi ginenean bagenituen gauza asko esateko, eta denbora pasata aspertu egin gara rol horretaz. Egin behar genuena eginda dago.

Komunean dugun lagun batek, Iruñerriko musikako erreferente Ion Celestinok, dio eszena freskatzera etorri zinetela eta behin hori eginda desagertzea besterik ez duzuela. Ados?

K.F.: Bai, baina hori esanda eman lezake flipatuta gaudela…

Ionek esan du, ez zuek.

K.F.: Kar-kar-kar. Egia. Atera ginenean hutsune bat zegoen eta horregatik izan genuen efektu hori. Orain hutsune hori bete da. Jende askoz gehiago dago, gutaz gain. Jada ez gara beharrezkoak. Edo ez gara inoiz beharrekoak izan, baina orain gure laborea eginda dago.

Duela hiru urte, guztiz ezohikoa zen Euskal Herriko oholtza batean norbait autotunearekin eta baxurik, gitarrarik eta bateriarik gabe ikustea. Orain, aldiz, halako talde andana dago. Flipatuta zaudetela eman ez dezan, nik esanen dut: musika urbanoan aitzindari izan zarete, bidegile.

F.F.: Zuk badiozu… Kar-kar-kar. 

K.F.: Esker mila!

Duela hiru urte TTAPerako egin genizuen elkarrizketan, esan zenuten zuena ez zela musika talde soil bat, baizik eta, halaber, lagun taldea eta sormen kolektiboa. Musika taldea deseginen da. Lagun taldeak eta sormen kolektiboak segituko al dute?

F.F.: Bai, bai. Musika egiteko elkartzen segitzen dugu, gure artean, eta nire ustez…

K.F.: Are gehiago, utzi genion hori egiteari eta orain berriro hasi gara.

F.F.: Hori da. Hasi gara berriz geratzen arratsaldea pasatzeko, Suneorekin eta. Jirak hasi zirenean, bagenuen ostegunean kontzertu bat Alacanten, ostiralean Bartzelonan eta igandean Zaragozan. Astean zehar ez nintzen beraiekin geratuko ni para el copón (ezta hurrik eman ere), hurrengo asteburuan berriz beraiekin egon behar bainuen. Orain hasi gara berriro elkarrekin musika egiten eta arratsaldeak pasatzen.

K.F.: Gure helburua ez zen sekula izan talde bat izatea eta birak egitea eta halako mobidak. Kontua da Berpizkundea [Ez horregatik] diskoak petatu (alimaleko arrakasta izan)egin zuela eta behin hori gertatuta aurrera egin genuela.

Ipar Ameriketako musika urbanoan kolektiboan sortzea, zuek egiten duzuena egitea, oso ohikoa da.

K.F.: Bai, ez bazara musika industrian insider bat, hor hamar urte daramatzan tipo bat, hobe dela zure ondokoekin egitea mobidak. Nahiz eta Berpizkundea diskoak oso soinu txarra duen. Baina bazuen xarma bat. Hori ez zen inolaz ere sortuko horrela egin izan ez bagenu.

Etxean egindakoaren xarma.

K.F.: Eta lagunekin egindakoarena.

Aurrekoan, Beñat, Euskalerria Irratian Pello Argiñarena lankideari esan zenion talde armatu moduan desegin zaretela. Hari horretatik tiraka: autotunea ez duzue entregatu.

F.F.: Kar-kar-kar. Bueno, %10 bat bai.

K.F.: Hori da!

F.F.: Orain %10 gutxiago jartzen dugu, naturalagoa eman dezan. Beraz, pistolatxo batzuk entregatu ditugu.

“Talde armatu bezala desegin gara, baina lagun eta sormen talde bezala segituko dugu”

Azken diskoko Mus corrido kantua oso organikoa da: gitarra, metalak… Autotunerik gabe ere ederki abesten duzuela erakutsi duzue.

K.F.: Bueno… Autotunea badauka, baina ez da nabari. Kar-kar-kar.

Irentsi dut, orduan.

K.F.: Bai, baina pentsatzen jarrita, agian, Mus corrido kantua gu proiektu honetaz nekatuta geunden seinale izan zen.

Beste zerbait behar zenuten.

K.F.: Bai, pilo bat freskatu gintuen zerbait oso desberdina egiteak. Gero bakoitzak berea eginen du, ez da zertan mexikar kantu bat izan, baina…

Talde armatuak eta hartara gatazka aipatzen hasita: Flako, azken diskoko lehen abestia, La del perro jota, ea ez den iristen Espainiako hiriburuko zenbait txokotara…

F.F.: Hedoi Etxartek idatzi zuen letra. Auzitegira eramaten banaute, horixe esanen dut.

K.F.: Benetan?

F.F.: Bai, bai, nik esango dut Hedoi  Etxarte izan zela mobida honen burua. Hedoi bisitatzera joango naiz, hori bai.

K.F.: Hori gertatzen bada Negu Gorriak-ek Galindoren mobidarekin egin zuena eginen dugu. Hori bai, ez dugu Hedoi Etxarte jarriko poesia errezitatzen… Kar-kar-kar.

ETA gabe hazi den lehen belaunaldia izan zarete. Halere, letretan nahiko maiz aipatzen duzue, modu ironikoan edo. Zer da ETA zuentzako? Pop kulturako elementu bat? Pentsatu duzue horretan?

F.F.: Ez dakit. Batek daki.

K.F.: Horretaz pentsatzen dudana esaten badut, espetxera seguru, honako honetan bai. Eta uste ez dudana esaten badut, Twitterren sekulakoa sortuko da.

Horretan utziko dugu, orduan. Gatozen harira: lau urteren burura desegin zarete. Talde batentzat, lau urte zer da, asko ala gutxi?

K.F.: Nik uste dut ez dela hain gutxi, e? Kortatuk berdintsu iraun zuen. Chill Mafiak sei urte iraun du. Kontua da lehen bi urteetan ez zigutela inolako kasurik egin.

RIP, Cicatriz, Las Vulpes hor nonbait ibili ziren. The Clash eta Sex Pistols ez ziren hamarkadara iritsi. Iraupenean oso punkak izan zarete.

K.F.: Niretzat ez da hain gutxi. Dena oso azkarra izan da eta, egia esanda, erritmo honetan lau urte irautea ongi dago.

F.F.: Legealdi bat izan da. Gobernu bat, eta kito. Kar-kar-kar.

Diruak rolen bat jokatu du zuen desegitean? Asko zarete taldean eta sortu zinetenean hainbatek zioten dirua sartzen hasten zenean tira-birak izanen zenituztela. Horrekin arazorik izan duzue?

K.F.: Nik gehiago esanen nuke diruagatik jarraitu dugula.

F.F.: Ehuneko ehunean ados. Galdera pixka bat…

K.F.: Ni ez naiz aztoratu diruagatik. Kontuak nahiko argi zeuden momentu oro.

F.F.: Egia, hor ez da arazorik izan.

Dirua zein heinean da garrantzitsua zuentzako? Izan ere, zuen belaunaldiko sortzaileen artean asko errepikatzen den leloa da “ni dirua irabazteko nago hemen”. Zuek zeuek hasieran hori zenioten.

F.F.: Nik oso argi daukat ez dugula diruagatik egiten, ni para el copón. Bestela ez genuke orain taldea utziko.

K.F.: Hori da: ez dugu musika sortzen diruagatik, ezta pentsatu ere.

F.F.: Igual, lehendabiziko elkarrizketetan bai esan genuen horrelako zerbait probokatzeagatik, hein handi batean, eta normalizatzeagatik kontzertuak egiteagatik kobratu nahi genuela, jendeak argi eduki zezan kobratuko genuela. Baina berriz diot: ez dugu diruagatik egiten, bestela ez genuke orain taldea utziko, dirua ematen du eta.

K.F.: Gure motibazioa musika egiteko izan zen gozatzea, ez baikenuen inolaz ere imajinatzen diru asko sor genezakeenik horrekin. Baina gero jada birak egiteak eta famatu izateak… diru truk ez bada ez du ezertarako balio. Eta interesa baduzu famatua izateko guztiz tontoa zara. Edo oso gabezi sakonak dituzu.

Hasieran oso underground zineten, baina berehala sartu zineten mainstream-ean, Gaztean etengabe azalduz, Last Tour-ekin sinatuz. Zer da zuentzako Gaztea? Eta Last Tour?

F.F.: Last Tour, aita bat.

KF: Absente dagoen aita bat. Kar-kar-kar. 

F.F.: Eta Gaztea irratia…

K.F.: Nik ez dut Gaztea irratiaren garrantzia ulertzen, nire inguruan, Iruñean, ez dut Gaztea entzuten duen nire adineko lagunik. Badakit gazteek Gipuzkoan-eta asko entzuten dutela, baina hemen.. sin más (besterik gabe). Gure kantuak aurkeztera joaten gara, baina gero horren eragina ez dugu argi. Egin behar da? Ba, egiten dugu.

F.F.: Niretzat meme-iturri bat da, besterik gabe. Baina ongi, e?

Famaz ari zineten. Kiliki, zu ETBko Ztanda saioan epaimahaikide ibili zara, La Oreja de Van Gogh-eko Leire Martinezekin.

KF: Eta orain bigarren denboraldia grabatzen ari naiz.

Kolaborazione bat dator, featuring bat, Martinezekin?

K.F.: Ez dut uste. Kar-kar-kar.

Nola eraman duzu hori?

Ongi. Egia esanda, ez da lan handia niretzako. Astean egun bat lan egin behar izaten dugu, ongi kobratuta. Egia esanda, cringe (auzo lotsa) pixka bat ematen didate halako formatuek, musikalki. Baina ongi pagatua da eta nahiko azkar pasatzen zait cringe-a

Flako, txanponaren beste aldea: zuk hasieratik arazoak izan dituzu fama digeritzeko. Laguntza behar izan duzu.

F.F.: Egia esanda, ni psikologoarengana joaten hasi nintzen famatuak izan baino lehen. Jada nahiko gaizki nengoen. Orduan fama iritsi zen. Hasieran, poztasun iturri handi bat izan zen niretzat. Baina handik hilabete gutxira, berriro erori nintzen…

K.F.: Mozkorra pasatzean.

F.F.: Edonora joatea eta jende asko niri begira sumatzea oso ezerosoa egiten zitzaidan. Edo jendea nigana etortzea ilusio handiarekin, eta ni… Uf, guztiz kikilduta. Zorionez, mobida horiek duela urte batzuk jada pasa zitzaizkidan. Beti itzultzen dira, kontu hori sorgin gurpila baita, baina gurpil horretan etapa txarrek gero eta gutxiago irauten dute eta etapa onek, aldiz, gero eta gehiago. Orain ongi nago, baina bai, gaizki pasa izan dut. Famak alde hori ere badu, presio handia da.

K.F.: Famaren abantaila bakarra ekonomikoa da. Yung Beef-en barra (ahapaldia), literalki.

F.F.: Abantaila soziala ere bada batzuetan. Gauza batzuk lortzen dituzu.

Ez dugu musika egiten dirua irabazteko, bestela Chill Mafiarekin segituko genuke, diru-iturri emankorra da eta

Ze abantaila?

K.F.: Taberna batean pote bat hartzera gonbidatzea.

Flako, orduan bazara ala ez zara mito sexuala?

F.F.: Ke ba (bai zera), ni ez naiz ligatzen ibiltzen. Fanekin eta ez zait askorik gustatzen.

Diozuenez, ez zarete haserretu, hori ez da izan taldea desegiteko arrazoia, baina aurrekoan bideo bat ikusi nuen, zeinean Ben Yartek zioen sare sozialen bitartez jakin zuela deseginen zinetela.

KF: Ke ba. Tipoak performance hori mantendu nahi du, esanez egun hartan berean jakin zuela. Egin zuena izan zen Tuliri [Martin Cervantes, Chill Mafia taldeko kidea] eman, bideo hori graba zezan inork jakin gabe, hark ezer ez zekiela esaten.

F.F.: Beste zerbaitez ari da.

K.F.: Benitok egun berean jakin zuela esaten ari da.

F.F.: Bai, baina hori egia da.

El Salto-n elkarrizketa egin zioten, eta egun hartan berean jakin zuela esan zuen.

K.F.: Orduan… Tontoa bada tontoa da eta zer eginen diogu bada… Kar-kar-kar.

F.F.: Maitasun osoz, e? Kar-kar-kar.

Hasieran zenioten Chill Mafiaren xedeetako bat zela Ben Yart orduan zegoen zulotik ateratzea eta eszenan merezi zuen lekura eramatea. Hori lortu duzue. Euskal Herrian ez ezik Espainia aldean arrakasta lortu du.

K.F.: Bai. Sekulako arrakasta izaten ari da.

David Broncanok bere saioan elkarrizketatu zuen. Hasieran sare sozialetan txantxetan zeniotena errealitate bihurtu zen.

K.F.: Bai, baina Broncanok elkarrizketatu zuen Pedro Sanchezek finantzatu aurretik. Kar-kar-kar.

F.F.: Bai, hori lortu dugu, baina bagenekien Ben Yartek sekulako potentziala zuela. Bagenekien oholtzan jartzen bagenuen, sare sozialetan jartzen bagenuen, arrakasta izango zuela.

K.F.: Kontua zen hari erakustea posible zela.

Zerbait bazuen, bai: Chill Mafia sortu aurretik, Kiliki, Euskalerria Irratian kolaboratzen zenuen. Behinola Ben Yart ekarri zenuen, a cappella abestu zuen eta berehala jabetu nintzen, esan nizun, mutil hori sekulako artista zela.

K.F.: Nik flipatu egin nuen zuekin, ze jatorrak izan zineten ikusita. Asteburu osoa parrandan eman ondoren joan ginen. Beldur nintzen: ea irratikoek zer ostia pentsatzen duten kolgatu (tipo) hau ikusita. Beti eduki du beste norabide bat. Egiten duenak ez du bat egiten guk genuen eta dugun mobida folkloriko horrekin. Benito ez da sekula horretan egon.

Izan ere, zuek musika urbanoa euskal erroekin uztartu duzue: Xabier Lete eta autotunea lehen diskoan, Gontzal Mendibil eta autotunea azkenean, tartean Maddi Oihenart eta Erramun Martikorena sampleatu dituzue… Horrek Euskal Herritik at indartu ala zamatu egin zaituzte?

K.F.: Seguru aski, indartu egin gaitu, baina ez da gure apustu bat izan Espainia aldera jotzea. Erreferentzia horiek hor daude, hori entzuten ari ginelako pilo bat.

Zuk, Kiliki, Oskorriren letrekin obsesioa eduki zenuen bolada batez.

K.F.: Bai, noizbehinka izaten ditut obsesioak musikariekin, eta eman zidan oso fuerte Oskorrirekin, letrekin eta denarekin, bere osoan. Musika garrantzitsua da. Letrek ez dute hainbeste inporta, inoiz ere ez.

Zuk, Flako, Fermin Muguruzari buruzko ikasketa amaierako lana egin berri duzu.

F.F.: Bai; Ikus-entzunezko ikasketak amaitzen ari nintzen, ikasketa amaierako lana besterik ez zitzaidan falta, tutorearekin nengoen, eta galdetu zidan: “Zuri zer gustatzen zaizu?”. Eta nik: “Musika”. Hark: “Ezagutzen duzu zinema egiten duen musikariren bat?”. Eta nik: “Fermin Muguruza!”. Hala sortu zen kontua. Azkenean, elkarrizketa bat egin genion Saioa Urtasunek eta biok, Irunen. Oso arratsalde polita pasa genuen. Haren azken kontzertura gonbidatu gaitu.

Hori guztiori horrela, txiolari batek dioenean Chill Mafia desagertzea albiste ona dela euskal gaztetxoentzat, euskañolaren apologia egiteari utziko diozuelako, zer?

F.F.: Ez dut euskañolaren apologia egiten, tío. Hitz egiten dut euskañolez, eta ya está (eta kito).

K.F.: Niri jada pelatzen dit.

Trinkoan esanda, badizerdit

K.F.: Mila esker.

F.F.: Kontua da hauek lehen elkarrizketa hartan jada hitz egin genituela. Duela hiru urte. Berdin jarraitzen baduzu…

K.F.: Ez dakit zein momentutan nork ulertu zuen gure intentzioa zenik euskara salbatzea. Guk musika egin nahi genuen, sin más

Kontuz: niri esan didate azken boladan Flakok Mendillorrikoeuskara taldearen mendi irteeretan parte hartzen duela.

F.F.: Eta hori ez dute jartzen Twitterren. Kar-kar-kar. Kikisai euskara taldea. Y no voy fardando por ahí [eta ez nabil hortik barna harropuzkeriatan].

K.F.: Aski egiten du gure Flakok, bai.

Txiolari berak zioen albiste ona zela zuek droga kontsumoa eta trafikoa normaltzeari uztea.

F.F.: Guztiz ados.

K.F.: Euskal Herrian, drogaren sustapenean, ardura maila berbera eduki dugu Guardia Zibilak eta guk.

F.F.: Guk musika uzteari esker, seguru haren semea ez dela inoiz drogatuko.

K.F.: Eta drogatzen bada, gure erruagatik izanen da. Galindoren pixka bat gainetik gaude honetan guztian.

Titularrak behar ditut. Azken lau urteak nola laburbilduko zenituzkete hitz bitan?

F.F.: Historiara pasatzeko etiketa bat falta zaigu, baina Trap Radical Vasco (Euskal Trap Erradikala) ez da batere originala.

K.F.: Gauza asko izan dira, abiadura handian.

Ibilbide honetan guztian, une bat?

F.F.: Une positibo bat, aurtengo sanferminetako kontzertua. Historikoa izan zen.

K.F.: Positiboena, onena, hori izan zen, bai.

F.F.: Eromena izan zen gure hirian hori egitea.

K.F.: Eta, gainera, uztailaren 7an.

Egia ala mitoa da biharamunean Gazteluko plazako oholtzan jo behar zuen artistak kamerinoan sartu zelarik zuetako bat topatu zuela han barruan?

K.F.: Bai, hurrengo egunean Pello Reparazek, Zetak-ek jotzen zuen, eta Benitok hor segitzen zuen. Itxoiten ari zen, Pello iritsi arte.

Zer moduz doa Reparazekin sare sozialetan izan duzuen beef-a, ika-mika?

F.F.: Pelloren laguna naiz, aizu. Azken kontzertura gonbidatu ninduen. Mirua-ren Instagrameko kontuaren bitartez sarrera batzuk eskatu nizkion eta eman zizkidan.

K.F.: Mitoaroa-rako, Nafarroa Arenarako?

F.F.: Ez, ez, Totem aretorako.

Hemendik aurrera zer?

K.F.: EP bat atera behar dut, zazpi kantarekin, otsailean. Urtarrilean lehen singlea aterako da.

Flako, zuk diozu musika egiten segituko duzula, baina bizibide moduan ez duzula nahi.

FF: Nik astero gauza ezberdin bat esango dut. Kar-kar-kar. Ez dakit. Nik musika egiten jarraituko dut eta etorkizunak esango du non egongo naizen.

La Txama taldearekin zerbait prestatzen ari zara.

F.F.: Bi kanta atera behar ditut haiekin. Suneorekin ere ari naiz. Ikusiko dugu.

K.F.: Musika egiteko perspektibarik hoberena hori da: perspektibarik ez edukitzea eta momentuaz gozatzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!