Nafarroa zeharkatuko lukeen Forestaliako goi-tentsioko linearen gelditzea Senatura eramanen du EH Bilduk. Forestalia enpresak sustatuta linea horrek Gasteizeraino garraiatuko luke energia Nafarroako lurraldearen zati handi bat zeharkatuz. EH Bilduk ebakuazio azpiegituren proiektuaren izapideak ez jarraitzeko eskatuko du Senatuan, "kalte konponezinak" dituelako: "10.000 megawatteko berriztagarri inguru ekoiztu nahi ditu Aragoin eta horietatik 3.000 megawatt inguru eraman nahi ditu Gasteizera, Nafarroa pasatuz", azaldu du EH Bilduko nafar parlamentari Oihan Mendok. Enpresa handien onurarako den egitasmoa baino ez dela uste du EH Bilduk: "Ez da lurraldearen proiektua. Nafarroa igaro egiten du bakarrik inolako onurarik ekarri gabe. Tranpatia ere bada, ebakuazio lerroa garraio lerroa balitz bezala erabiltzen duelako. Horrek tokiko egitasmo berriztagarriak sarera konektatzea eragozten du", gaineratu du Mendok.
Forestalia enpresak egin nahi duena eten eta Nafarroak bere energia propioa sortu eta kudeatzea litzateke aukera: "Lurraldeak eredu propio bat garatu beharko luke", nabarmendu du. "Industriaren eta giszartearen beharrak asetzeko eta ez enpresa handienak", esan du.
Oraindik data finkaturik ez du Senatuan gaiak, baina mahai gainean jarri eta horretaz eztabaidatzeko aukera egonen da datozen asteotan.