Ekhi Petriati: "Justizia feminista baten oinarriak zeintzuk beharko liratekeen izan aztertuko dugu"

Maialen Huarte Arano 2025ko urt. 15a, 09:40

Emakume* Mundu Martxak jardunaldi feminista antolatu du Atarrabian urtarrilaren 25erako. Protokoloak aztertuko dituzte eta egokitu. Zernolako justizia feminista beharrezkoa litzatekeen ere landuko dute. Hausnarketa kolektiboa egitera deitu dute. Ekhi Petriati Mugimendu Feministako kidea elkarrizketatu du Euskalerria Irratiak. 

Zein da jardunaldien helburua?

2023an erailketa matxistaren kontagailuak 20 urte bete zituen eta horren harira ikusi dugu badela behar bat lanketa egiteko Euskal Herri mailan indarkerien bueltan hitz egiteko eta protokoloei buelta bat emateko, zehazki Mundu Martxako protokoloari, hau da, Euskal Herrian bizi den emakume bat erailtzen duten bakoitzean aktibatzen den protokoloari. Hori alde batetik. Bestetik, herrietako protokoloei buelta bat emateko garaia ere iritsi dela uste dugu, azken urteotan zein muga sumatu ditugun aztertu eta ea zein aurrerapauso ematen ahal ditugun aztertzeko. Ikusi dugu une aproposa dela era berean, indarkeriaz aritzerakoan justizia feminista bezalako terminoan eta autodefentsa feminista terminoan gehiago sakontzeko. Zer nolako justizia feministan sinesten dugun, zeintzuk izan beharko liratekeen oinarriak... guztion artean hausnarketa kolektiboa egitea da gakoa. 

Hausnarketa kolektibo hori non eta noiz izanen da?

Urtarrilaren 25ean eginen ditugu topaketak Atarrabiako Kultur Etxean. 

Ortzi mugan Martxoaren 8a dugu. Ikusmira aurten non jartzeko asmoa duzue?

Iruñerri mailako lehen asanblada atzo egin genuen. Lehen zertzeladak eman genituen, baina oraindik ez dago finkatuta. Oraindik Euskal Herriko gainerako taldeekin elkartu eta adostu behar dugu. Koordinatu egin behar gara. Mundu Martxaren haritik tiratzeko intentzioa dugu, Mundu Martxak planteatzen duena landu. Aurten, seigarren ekintza internazionala antolatuko du eta hori ere aitzakitzat hartuko dugu Martxoaren 8a antolatzeko. 

Protokoloak berrikusteko beharraz mintzatu zara. Zergatik?

Orain arte egia da Euskal Herriko Mugimendu Feministan orokorrean, baina auzoz-auzo eta herriz-herri indar gehien jarri dugu jaietan. Guk sortzen ditugun espazioetan protokoloak jartzen ditugu martxan. Egoera ezberdinak ematen dira egunerokotasunean eta egoera desberdinekin egiten dugu topo. Duela hamar urte balio zuenak orain ez du balio. Beste modu batean eragin beharko genukeela iruditzen zaigu. Hausnarketa egin eta nola aurre egin pentsatu behar dugu. Indarkeria matxista mugimendu feministatik garaitu behar da, baina ez hortik bakarrik: herri mugimendutik eta jendartetik egin behar zaio aurre. 

Ekhi Petriatiri egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!