Euskal Nobela Beltzaren astea prest dago jada Baztanen. Hilaren 20tik 26ra eginen da literatura zikloaren 11. edizioa, genero beltzaren jarraitzaileek euren egutegian finkatuta daukaten hitzordua.
Antolakuntza taldeko kide Elurre Iriartek azaldu moduan, sustraiei eusten dien egitasmoa izaten jarraitzen du (H)ilbeltzak egundaino: "Baztanen nobela beltzak eta nobela beltzetan Baztanek aspalditik lekua baduela erakusteko behar batetik abiatu zen zikloa, betiere euskaraz eta euskal literaturan. Hasieran mahai-inguru bat besterik izan behar ez zena handituz joan zen denborarekin".
(H)ilbeltza bekari esker urtero ale berriak gehitzen zaizkio euskal literatura beltzari, eta hori ere ekarpen garrantzitsua dela nabarmendu du Iriartek. Hala, aurten Joxan Oiz Arrutiren Amazurtza liburuaren aurkezpenarekin ekingo zaio egitarauari, urtarrilaren 20an.
Aste osoan zehar bestelako hitzaldiak, dokumental emanaldia eta mahaingurua egonen dira, eta azkenaldian Baztanek bizi duen errealitate beltzari ere erreparatuko diote: "Maiatzean Aroztegiko auziaren epaiketa izanen da, eta zazpi baztandarrei talde kriminal baten parte izatea egozten zaie. Hortik abiatuta, kriminal hitzaren bueltan arituko gara mahai-inguruan. Zer erran nahi duen, nortzuk sortzen dituzten kriminalak, nortzuk diren kriminalak nobela beltzetan".
Urtarrilaren 25ean izanen da Nola sortu kriminal bat izeneko mahai-ingurua, Edurne Elizondorekin eta Mikel Elortzarekin, Isabel Jaurena kazetariak gidatuta. Bazkariak, susmagarrien gauak, mendi itzuliak eta Unai Elorriagaren eta Josu Aurrekoetxearen musika emanaldiak osatuko dute asteburuko egitaraua.
Hauxe izanen da egitarau osoa:
- 20, astelehena: Amazurtza liburuarekin, irakurleen asanblada. Joxan Oiz Arruti VII. (H)ilbeltza bekaren irabazlea. Arizkungo medikuaren etxean, 19:30ean.
- 22, asteazkena: Bärlach komisarioaren abenturak eta desbenturak solasaldia.Idoia Santamariarekin Anizko elkartean, 19:00etan.
- 24, ortziralea: ARG(H)ITZEN dokumentala. Iruritako Gizarte Bilgunean, 19:00etan.
- 25, larunbata: 11:00etan, mahai-ingurua: Nola sortu kriminal bat (nahi gabe) Edurne Elizondo eta Mikel Elorza. Gidaria: Isabel Jaurena. Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. 14:00etan bazkaria Erratzun. Bazkalondoan, liburu aurkezpenak: Basokoa (Izaskun Gracia Quintana) eta Lehendakariaren alaba (Iñaki Petxarroman). Ilargipeko enigmak susmagarrien gaua, ilunabarrean, Erratzuko ostatuetan barna jostetan.
- 26, igandea: Xartolako Axeri Itzuli beltza. Azpilkuetan, 11:00etan. Elizondoko Arizkunenea kultur etxean 19:00etan: Odola-kantari Euskal kantagintzaren tragepedia emanaldia, Unai Elorriaga eta Josu Aurrekoetxearekin.