Aske utzi dute Orkoienen adin txikikoei sexu erasoa egiteagatik atxilo hartu zuten gizona. Kautelazko neurriak ezarri dizkiote, besteak beste, haiengana hurbiltzearen debekua. Foruzaingoak berak jakinarazi duenez, Jose Saramago pasealekuan gertatu zen. Herritar batek Polizia abisatu zuen esanez gizon bat adingabe talde bati jazartzen ari zitzaiola. Polizia bertara joan zen, eta gizona atxilotu zuen, sexu eraso delitu bat egitea egotzita.
Elkarretaratzea egin zuten Orkoienen atzo eguerdian eraso hori salatzeko. Herriko talde feministak deitu zuen eta Udalak babes osoa helarazi zien erasotutako adingabeei eta elkarretaratzeari. Idoia Ilundain Orkoiengo talde feministako kidearentzat latza izan da urte hasiera: "Bereziki larria iruditzen zaigu erasoa adin txikikoak daudelako tartean", esan du Orkoiengo talde feministako kide Idoia Ilundain iribarrenek.
Orkoiengoa ez da eraso bakarra izan urte hasi eta ordu gutxira. Iruñeko Udaltzaingoak adierazi duenez, indarkeria matxistarekin lotuta lau atxiloketa egin zituzten Gabon zahar gauean Iruñean. Lau atxilotuetako hiruri bikotekideei tratu txarrak ematea egozten diete, eta laugarrenari, berriz, emakume bati sexu erasoa egitea. Den-denak epailearen esku utzi dituzte.
Jardunaldiak, Atarrabian
Emakumeen Mundu Martxak Atarrabian eginen du urtarrilean jardunaldia. "Afera asko daude lantzeko", adierazi du Ilundainek. Urtarrilaren 25ean eginen dituzte zehazki Atarrabian jardunaldi feminista horiek.