Azaroaren 7an hil zen Ana Maria Lajusticia, 100 urte zituela. Emakume hori aitzindaria izan zen magnesioa elikaduraren funtsezko osagarri gisa sartzen.
Bilbon jaio zen, 1924ko uztailaren 26an. Gerra Zibilak gogor jo zuen bere familia, eta, 1937an, aita hil ondoren, Madrilera joan behar izan zuen.
Bertan egin zituen batxilergoko ikasketak, eta 1942an Unibertsitate Konplutensean sartu zen Kimika ikastera, emakumeek zientzietan leku handirik ez zutenean.
Bost urte geroago lizentziatu zen, eta Espainiako emakume kimikarien lehen promozioetan parte hartu zuen. Bere nota onei esker, «Ana Mari, matrikulena» esaten zioten.
Karrera amaitu zuen, eta oso denbora gutxira Minersa laborategietako buru izendatu zuten.
Ondoren, Kataluniara joan zen bizitzera, eta han Natur Zientzietako eta Fisikako irakasle izan zen institutu batean. Beste batena zen belar-denda batean lan egin zuen, eta, geroago, berea ireki ahal izan zuen.
70eko hamarkadan, artrosia eta II. motako diabetesa diagnostikatu zizkioten, eta, ondorioz, nola elikatzen zen eta zer gabezia zituen hausnartu behar izan zuen, eta nutrizio-azterlanetan hasi zen.
Magnesioaz interesatu zen kasualitatez. Urte askoan sendatu nahian zebilen arazo baten konponbide gisa agertzen zen liburu baten bidez: pikortak aurpegian. Magnesioa hartzen hasi zenean, hilabete baten buruan pikorrak desagertu egin zirela konturatu zen.
Gehigarri honen onurak aurkitu ahala, trebatzen jarraitu nahi izan zuen. Azalean zuen eragina ikusi eta urtebetera, Fisiologia eta Medikuntzako Nobel saridun Severo Ochoaren omenezko sinposio batera joan zen, eta proteinen eraketan magnesioa etengabe aipatzen zuela ohartu zen. Horrekin, mineral horren beharraz eta nola jokatzen zuen konbentzituta geratu zen.
Aurkikuntza horrek bere lehen liburua idaztera eraman zuen, “Magnesioa, osasunerako giltzarria”, berehala erruz saldu zena.
1978an, bere enpresa sortu zuen, Distribuciones Feliu S.L., eta haren bidez magnesio gehigarriak eta osasuna zaintzeko beste produktu batzuk merkaturatzen hasi zen.
1980an, azkenik, bere marka eratu zuen. Esaten zuenaz eta egiten zuenaz hain ziur zegoen (ez bere iritzia zelako, kimikak esaten zuelako baizik), non bere sinadura eta argazkia markan jarri baitzituen.
80ko hamarkadan, ordea, zenbait adituren kritikak jaso zituen. Izan ere, komunitate zientifikoaren zati batek bizkarra eman zion beti. Horren ondorioz, bere produktuak mesfidantzaz begiratzen hasi ziren.
Hala ere, denborak arrazoia kendu zien zientzialari horiei, magnesioak kirolarien gorputzetan dituen eragin positiboak frogatu direlako. Gainera, magnesioa eta kolagenoa hainbat zentro espezializatutan eta supermerkatutan eskuragarri ditugu. Hori izan baita emakume honen lorpen handienetako bat, ezagutza eta funtsezko mantenugaiak herritar orori hurbiltzeko gaitasuna.
Bere bizitza luzean, Ana Maria Lajusticiak drama pertsonalak gainditu zituen, hala nola bere sei seme-alabetako baten heriotza, Conchita, familiako gertakari oso gogor baten ondoren bere buruaz beste egin zuena; bere beste seme baten heriotza trafiko-istripu batean; eta iloba baten bahiketa, Mariàngels Feliu, Oloteko farmazialari ospetsua, hain zuzen.
Baina berak beti jarraitu zuen lanean, eta bere enpresa elikadura-gehigarrien sektoreko erreferenteetako bat izatera iritsi zen.
Ana Maria Lajusticiaren marka batez ere magnesio eta kolageno produktuengatik da ezaguna, muskuluen, hezurren eta artikulazioen osasuna hobetzeko diseinatuta omen baitaude.
Orain bere bilobetako batek jarraituko du bere bidea.