Ez da antzerkia, indarkeria bikarioa da goiburuarekin aterako dira gaur toki entitateak kalera. 151 udal eta kontzejuk bat egin dute ekimenarekin eta Eider Perez de Heredia Goñi Baztango Berdintasun teknikariak hitz egin du haien izenean Euskalerria Irratian. Hemen azpian irakur daiteke elkarrizketa edo argazkian klik eginda baita entzun ere:
Indarkeria bikarioan jarri duzue gaurko egunean ikusmira. Zergatik?
Indarkeria matxistak duen modurik krudel eta suntsitzaileenetariko bat delako jarri dugu erdigunean. Oraindik ere ez da oso ezaguna eta ulertua eta ikusgarritasuna eman behar zaio gehiago itxaron gabe. Gizarteak ulertu behar du biktimendako dakarren muturreko sufrimendua eta denok badugu zer egina.
Zer da zehazki indarkeria bikarioa?
Gizonezkoak bere bikotekidearen edo bikotekide ohiaren gertuko senide eta lagunei eragiten dien kaltearekin sufrimendua eragitea da finean. Haurrak izaten dira gehienetan erabiltzen dituztenak, orokorrean seme-alabak dira. Kontrola eta sufrimendua eragiten die emakumeei.
Datuak mahai gainean jarrita, Espainiakoak ditugu: 63 haur hil dituzte gizonezkoek 2013tik. Nafarroan ez da bakar bat ere kontabilizatu. Nola uler daiteke Urbasatik haren semearekin amildutako gizonarena orduan?
Urbasako kasuak erakusten du zenbat dagoen egiteko. Begirada zorroztu behar da. Erakundeetatik jendartera, judizialetik eta polizialera. Gauza aunitz pasatzen dira eskuartetik pasa behar ez zirenak.
Amarekiko indarkeria erabili duen gizona, ezin da aita ona izan. Baina, oraindik asko dago egiteko, bereziki epaitegietan, bisitaldiak kontuan hartuta?
2021ean onartu zen haurrak eta nerabeak osorik babesteko lege organikoa eta horretan lehentasuna ematen zaio bisita erregimena eteteari indakeria kasuak daudenean. Neurri hori kasuen %8an baino ez da hartu. Adingabeak oraindik babes gabe uzten dituzte. Legeak lortu nahi duenaren eta gauzatzen denaren artean tarte nabarmena dago.