Etxebizitzaren arazoari irtenbide emateko prest Berriozarren, Zizur Nagusian eta Eguesibarren

Maialen Huarte Arano 2024ko aza. 5a, 13:33

Begoña Alfaro Etxebizitza presidenteordeak atzo iragarri zuen tentsio handiko eremu izendatzeko prozesua abian jarriko zuela eta 21 udalerriri eraginen liekeela, tartean, Berriozar, Zizur Nagusia eta Eguesibar. Herri horietako hiru alkateak bat etorri dira etxebizitzaren sarbiderako dagoen zailtasunari irtenbide ematen hasi behar zaiola esaterakoan.  

Alde handia dago udalerriek dituzten ezaugarrien artean baita etxebizitzari dagokionez ere. Ez du zerikustekorik Berriozarrrek duen egoera edo Zizur Nagusiak duena. Lehenengoan, bizilagunen errentari erreparatuta errenta txikienen artean daude bizilagunak eta etxebizitza askoz gehiago eraikitzeko ezintasuna du herriak azalerari dagokionez oso mugatua daudelako. Bigarrengoan, errenta maila altua dute bizilagunek, baina sarbidea ez da erraza eta gazteen artean ezintasuna nabaria da gurasoenetik alde egiteko, adibidez. Eguesibarren ezaugarri desberdinetako errealitateak daude eta horietara egokitzeko beharra ikusten du Xuriñe Peñas alkateak. 

Berriozarko, Zizur Nagusiko eta Eguesibarko alkateak bat etorri dira hausnarketa batean: etxebizitzaren arazoari irtenbide ematen hastea ezinbestekoa dela. Hartara, Iker Mariezkurrenak "begi onez" jaso du Berriozar tentsio handiko eremu izendatzearena aukera emanen duelakoan "inguruko herrietara bizitzera doazen gazteak eta gazteak ez direnak" herrian geldi daitezen. Zizur Nagusiaren kasuan ere kezka sortzen du etxebizitzaren sarbide ezak eta "aukerak zabaltzeko" balio dezakeela iruditzen zaio Jon Gondan alkateari. Eguesibarren kasuan, herri desberdinek duten egoera aztertu eta dagokion irtenbidea ematen ahalegindu beharko litzatekeela iruditzen zaio Xuiriñe Peñasi. "Inor kaltetuko ez duen proiektua jarri beharko litzateke mahai gainean. Izan ere, alokairuan etxebizitza duen norbanako asko bizi da Sarrigurenen eta Alfarok planteatutakoak agian ez lieke mesederik eginen", esan du Peñasek. Dena dela, planteatutakoa ongi aztertu beharko dela gaineratu du. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!