2015an, parlamentari. 2016ean, foru gobernuaren eledun. 2017an, Hezkuntza kontseilari. 2019an, berriro foru parlamentari. Maria Solanak (Iruñea, 1975) asko gozatu du jarduera politiko biziko hamar urteotan, baina halaber asko sufritu duela aitortzen du, PSNko zenbait kideren irainen eta traizioen kontura.
Une honetan, nola aurkeztu behar zaitut, foru parlamentari bezala ala RTVEko Administrazio Kontseiluko kide moduan?
Oraintxe banaiz foru parlamentaria, eta banaiz RTVEko Administrazio Kontseiluko kide izateko hautagaia. Biak batera. Pentsatzekoa da aste hau nire azken astea izango dela parlamentuan. Beraz, datorren astetik aitzin ez naiz izango foru parlamentaria, pena handiz.
Noiz bueltatuko duzu parlamentari akta?
Oraindik ez dakit ongi-ongi zein egunetan, baina ostiralean ez bada astelehenean izango da.
Noiz izanen da zure izendapena ofiziala, noiz bozkatuko dute RTVEko Administrazio Kontseilu berria?
Bihar [Espainiako Diputatuen] Kongresura joan behar dut, batzorde baten aurrera. Han kongresuko talde guztiak egongo dira, nire gaitasuna baloratze aldera. Bihar biluzik azaldu beharko dut horien guztien aurrera, adieraziz zergatik uste dudan izan naitekeela lagungarri horrelako kontseilu batean. Hamaika kontseilukide berriek egin behar dugu hori. Gaur egiten ari dira gehienak, eta bihar beste hiruk egingo dugu. Hortik aitzin, badirudi bihar zortzi egingo dutela bozketa kongresuan.
"Beti esan izan dugu komeni dela erabakiak hartzen diren lekuetan egotea, fiskalizazio lana egin ahal izateko"
Nork eta noiz egin zizun proposamena?
Nire alderditik deia jaso nuen pasa den astean. Alderdian buru den batek proposatu zidan, konbentzitzeko gaitasun handia duen batek. Bera ere kazetaria da.
Asko kostatu al zitzaizun erabakia hartzea?
Ez; izan ere, ez neukan denbora askorik erabakia hartzeko. Erabaki hauek gehienetan hala dira. Momentuan hartu beharreko erabakia izan zen. Nire bizitzan zehar askotan gertatu izan zait hau. Ezetz esateko oso txarra naiz. Baiezkoa eman nuen eta gero hasi nintzen horren inguruan hausnartzen.
Eta, hausnartu eta gero, ze ondorioztatu duzu? Zergatik esan duzu baietz?
Profesionalki aukera ona dela uste dut. Azken 20 urteotan politika eta kazetaritza uztartuz aritu izan naiz lanean, nire gutizietako bi batera eginez. Iruditu zitzaidan hau izan zitekeela bi horiek batera egiten jarraitzeko aukera... interesgarria esanen dut momentuz. Egia da oso zabalik dagoela dena. Nere esperientzian zehar inoiz ez naiz izan lasaitasun itsaso batean ibilitako pertsona. Beti iristen naiz jarduera berrietara oso momentu zurrunbilotsuetan. Horretan esperientzia badaukat. Kongresuan lege berri bat bozkatzen ari dira, antolatzeko beste modu batera RTVEko kontseilu hori eta erakundea bere osoan. Buelta eman nahi horretan, bestelako profil eta pertsona batzuk nahi dituzte kontseiluan.
Kontseilukidearena lanaldi osoko lana izanen da aurrerantzean.
Bai. Orain arte kontseilukideak hilean behin joaten ziren kontseilura. Elkartzen ziren, erabaki batzuk eztabaidatzen zituzten, bozkatzen zuten eta etxera buelta. Bakoitzak beste zeregin batzuk zituen, eta uztargarria zen. Orain ez, orain dedikazio esklusiboa izango dugu. Baina ez dakigu zehazki zer egin beharko dugun. Dirudienez, antolaketa berri honekin kontseiluko presidenteak indar handiagoa izango du, erabakimena ez da izango oso konpartitua. Horrek badu bere alde ona eta bere alde ez hain ona: berak ardura gehiena hartuko du...
Eta besteok fiskalizazio lana?
Bai. Zertara noan Madrilera? Horiek kontrolatzera? Bada bai, guk beti esan izan dugu hobe dela erabakiak hartzen diren lekuetan egotea. Euskal Autonomia Erkidegoan badute irrati-telebista publikoa, baina hemen, Nafarroan, ez dugu. Eta beraz hemen badu eragina RTVEk, badauka bere ordezkaritza.
Han ibili zinen Telenavarrako euskarazko albistegi laburra egiten, 2003tik 2008ra.
Bai, eta gero Baita Nafarroako aholkulari kontseiluan ere. Krisi garaian desegin zuten.
“Seguru asko ni naiz Uxue Barkosekin gehien eztabaidatu duen pertsona”
Galdera bera beste aldera eginen dizut: zergatik erabaki duzu foru parlamentua uztea?
Neure buruari egin diodan galdera izan da ea momentua ote zen aldatzeko, eta neure buruak baietz erantzun dit. Aurrekoan parlamentuan esan nuen erabakiak gehiagotan hartu izan ditudala bihotzarekin buruarekin baino. Baina kasu honetan uste nuena baino meditatuagoa neukan. Zuekin konpartitu izan dut zenbaitetan neure amorrua, ez dut ezkutatu izan neure haserrea, neure disgustua, mahai gainean genituen kontuekin, geneukan panoramarekin. Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazioak hemen bertan kontatu izan ditugu. Azken negoziazio prozesua oso gogorra izan zen niretzako. Ez nuen argi ikusten, edo argiegi neukan, zein izan behar zen Geroa Bairen papera aurrerantzean. Hartutako erabakia azkenean oso bestelakoa izan zen.
Beraz, Geroa Bairen estrategiarekin ez zaudelako ados utzi duzu parlamentua?
Ez, baina hemen urte asko eman ditut eta igual arrazoia besteek dute, eta bestelako estrategia bat eraman behar da aurrera, eta interesgarriena da gauzak egiten ari diren bezala egiten jarraitzea. Nik uste nuen hemen egon behar nuela, lehen lerroan, borrokatzen nire printzipioen arabera, nire iritzia defendatzen azken muturreraino. Eta hori da egin izan dudana. Baina aukera hau zabaldu zelarik baietz esan nuen eta bat-batean ulertu nuen horrek suposatzen zuela aldi berean horri guztiari amaiera ematea, edo puntu eta jarraia jartzea. Orduan jabetu nintzen agian hori zela behar nuena, pixka bat etetea eta distantzia hartzea.... Desagertu ez, e!
“Zer sozio ditugun ikusita, ez da erraza izango Geroa Baik bizirautea nahiko nukeen bezain indartsu”
Ostegunean, parlamentuko osoko bilkura batean azkenekoz parte hartu zenuelarik, sufrimendua aipatu zenuen.
Bai, esan nuen oso zoriontsua izan naizela parlamentuan, baina aldi berean asko sufritu dudala. Oso une latzak igaro ditudala. Eta oso una latzak igaroarazi dizkidatela. Ez dela dena erraza izan. Oso une latzak bizi izan ditudala ez dut ezkutatuko.
Aurkari politikoekin ala gertukoekin?
Ez, gehiago aurkari politikoekin. Gertukoekin ezadostasunak izan ditut, Uxuerekin [Barkos] berarekin. Asko eztabaidatu dut harekin. Seguru asko harekin gehien eztabaidatu duen pertsona naizela esan dezaket. Baina azkenean argi geneukan talde berean geundela, beste askori aurre egin behar geniela eta ezin genuela energia galdu horretan. Asko eztabaidatu dut, bai. Batzuek diote nire eguneroko soinketa dela: esnatu, pixka bat eztabaidatu eta aurrera. Eztabaidatzea gustatzen zait. Hori berez ez da txarra. Gustatzen ez zaizkidanak errespetu faltak dira. Ostegunean esan nuen irainak jasan izan ditudala eta traizionatu nautela...
Hori esan zenuelarik zehazki zertaz ari zinen?
Tribuna horretatik gauza aunitz entzuten dira. Telebistan edo streaming bidez ikusten baduzu, mikrofonoek ez dute dena hartzen, ñabardurak galtzen dira. Hor zaudela, dena entzun dezakezu.
Eskuineko alderdietako parlamentariez ari gara ala beste batzuez?
Beste alderdi batekoez.
PSNz ari gara?
Bueno... Gogorra da.
Zein izan da zure aurkari politikorik gogorrena? Carlos Gimeno PSNko Hezkuntza kontseilariarekin ika-mika ugari izan dituzu.
Bai, Gimeno kontseilariarekin aurkakotasun handia izan dut, baina ez naiz bakarra izan. Parlamentari guztiak nola tratatzen dituen ikusi besterik ez dago. Berdin dio UPNko Pedro Gonzalezek galdetzen dion, EH Bilduko Eneka Maizek... Bakartxok [Ruiz] galdetzeari utzi zion ia-ia, horregatik. Marisa De Simonek ere sufritu izan du bere pertsonak tratatzeko modu indezente hori. Ez da Solana-Gimeno arazo bat. Hori ikustarazi nahi izan dute, batez ere PSOEtik. Batzuek, nire taldearen barruan ere, hori erosi izan diete. Eta ez da egia. Arazoa ez da sekula izan Solana-Gimeno. Arazoa Gimeno izan da beti. Agerikoa da. Berak badu bere gauzak egiteko modua, eta horren ondorioz harremanetarako bere arazoak agerian geratu dira, baina ez nirekin bakarrik. Orain hezkuntza komunitate osoarekin izan du arazoa. Gainontzeko taldeetako bozeramaileekin ere bai. Batzuek fokua desbideratu nahi izan dute, foku hori arazorik ez dagoen lekuan jartze aldera. Eta ez da egia. Orain ni ekuaziotik kenduta hori are argiago ikusiko da.
Arestian Uxue Barkos aipatu duzu. Legealdiaren hasieran Madrilera joan zen, senatari autonomiko moduan. Orain zu ere bazoaz. Nola geratzen da Geroa Bai etorkizunera begira?
Ez dakit. Ni arduratuta nago, aspaldidanik. Gauza asko gertatu dira tartean. Zer sozio ditugun ikusita pentsatzekoa da ez dela erraza izango bizirautea nahiko nukeen bezala, eta behar bezain indartsu. Ni saiatuko naiz harremana mantentzen eta indarra bidaltzen. Hemen egongo naiz laguntzen, proiektuak politikoki biziraun dezan. Inportantea da. Beti defendatu izan dugu ordezkatu dugula umezurtz zegoen espazio bat. Behar horri erantzuten asmatu dugu. Ea gai ote garen aitzinera ere asmatzen.