“Hezkuntza publikoko intersindikalak atsekabez hartu du hezkuntza departamentuaren proposamena” azaldu du Euskalerria Irratian ELA sindikatuko Mikel Larrazak, “Aurreko grebaren ondoren eta protesta berri bat gerturatzen ari denez behartuta egin du urratsa Gimenok, zoritxarrez irakasleek eta hezkuntza sistemak dituzten arazoak konpontzeko nahikoa ez dena”. Sindikatuek ez nahikotzat jo dute proposatutako ratio jaitsiera, “Soilik haur hezkuntzarako planteatu delako eta ez beste ziklo guztietarako” azaldu du Larrazak, “Guk gradualki baina ziklo guztietan, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Batxillergoan aplikatu dadila proposatu dugu, datorren ikasturtean ziklo bakoitzeko lehen mailatik hasita”. Ratioen aferan urratsa txikia izan bada, beste esparrutan atzerapausoak proposatu direla salatu dute irakasleen ordezkariek. “Harrigarria da negoziatzen saiatzeko bilera batean, gure kolektiboan egoera zaurgarrienean dauden pertsonen eskubideen aurkako neurriak proposatzea, 55 urtetik gorako irakasleentzat hain zuzen ere. Sindikatuok ez dugu langile horien lan eskubideen murrizketa argi bat suposatzen duen proposamena onartuko”. Lan zamaren murrizketari dagokionez urrats txikiegia ere planteatu du Gimenok. Plantillen egonkortasun eta irakasleen eros ahalmenaren berreskurapenean ordea, proposamenik ez dela egon salatu dute.
Datorren asteartean berriz ere, aldarrikapen hauek jarriko dira mahai gainean. “Ezin du esan negoziatzeko prest ez gaudenik” kexu azaldu da ELA sindikatuko ordezkaria, “Ezta hezkuntza publikoaren egoeraren kontra egiten dugunik ere. Hori demagogia hutsa da. Irakasleak haserre daude, itota…eta mobilizazioak hain zuzen hezkuntza publikoaren egoera hobetzera datoz”.