Aurtengo Nafarroa Oinezeko kantak dioen moduan, “gure hizkuntza indartzeko, ertzetik eraikitzeko, Zangozako Ikastola sustatzeko eta gure txikiak handi egiteko” helburuekin piztuko da urriaren 20an aurtengo Nafarroa Oinezeko festa Zangozan. Aste eta erdi baino ez da geratzen Nafarroako Ikastolen festa handirako eta honezkero azkeneko detaileak lotzen daude antolatzaileak.
3,5 kilometroko ibilbidea prestatu dute hiru guneetan banatuta. Piztu, mintzatu eta gozatu izenak jarri dizkiote eta adin guztietako jendearentzat ekitaldiak hartuko dituzte.
Nagore Oria Telletxea Zangozako Ikastolako zuzendaria da. Eremu ez euskaldunetan kokatuta dauden ikastolek euskara sustatzeko eta berpizteko lana nabarmendu du, bereziki despopulazioaren ondorioak pairatzen ari dituen Zangozaldean bezalako eskualde batean.