Anne Lukin musikariak 5min abesti berria argitaratu du Nøgen talde donostiarrarekin, puntualtasun faltari eskainitako pop abesti freskoa. Argitu moduan, "oso modu naturalean" suertatu da elkarlana: "Nerabe nintzenetik jarraitzen ditut, kontzertuetan izandakoa naiz eta beti gustatu izan zait egiten duten musika. Elkar ezagutzen gara orain eta harremana estutuz joan da denborarekin".
5min-ek puntualtasunaz edo honen faltaz hitz egiten du. Abeslariak berak "bigarren talde horretakoa" dela aitortu du, eta horren inguruko abesti bat egitea aspaldidanik zuela burutan. Hala, Nøgenekin abesti bat egiteko aukera suertatu zenean berehala etorri zitzaion ideia burura.
Musikari bezala bakarrik ez eta berriki aktore lanetan aritzeko aukera ere izan du Lukinek. Hala, Pausokak EITB Mediarentzat ekoitzitako eta Donostiako Zinemaldian estreinatutako Itsatsita berriz fikzio musikalean, Jon Plazaolarekin, Leire Martinez La Oreja de Van Gogheko abeslariarekin eta Aitziber Errazkinekin batera. Argitu duenez, esperientzia "dibertigarria eta polita" izan da, eta ez litzaioke inportako errepikatzea.
Guzti hori bakarrik ez, eta laster bere hurrengo diskoa plazaratuko duela ere iragarri digu musikari iruindarrak. "Oraindik ezin dut askoz gehiago aurreratu, baina labean dago, azkeneko fasean jada. Ilusio handiarekin nago, bi urte eman ditudalako diskoa prestatzen, eta kontzertuak emateko gogotsu nago".