Nafarroako GGKE-en Koordinakundeak hainbat aktibitate antolatu ditu hilabete honetarako. Besteak beste, irailaren 24ean Patricia Simon idazlea eta nazioarteko harremanetan adituak eta Liliana Ulchur lider sozialak, giza eskubideen defendatzailea El Salvadorreko Caucako Departamentuan, Giza eskubideen zaintza. Bizikidetza globalerako lankidetza hitzaldia eman zuten Iruñean, dagoeneko sarean ikusi daitekeena Koordinakundearen YouTube kanalean.
Bestalde, Nafarroako Gazteriaren Insitutuak antolatzen duen Joan, parte-hartu eta kontatu iezaguzu programaren inguruan ere aritu ginen Zabalarekin. Hala, boluntariotza proiektu desberdinetan parte hartzen duten gazteen sarea indartzea helburu du ekimenak, euren esperientziak konpartitzea sustatuz. Zabalaren aburuz, izan ere, "oso aberasgarria da gazteek euren esperientziak kontatzea, besteengan kontzientzia pizteko".
Hurrengo ekitaldiei begira, Iruñeko Udalarekin batera antolatzen diren parte hartzeko prestakuntza ikastaroetarako izen-ematea zabalik dagoela gogoratu digu Zabalak. Denetariko ikastaroak aurkitu daitezke edizio honetan, webgunean ikusi daitekeen bezala.
Bestalde, bi ekitaldi gehiagoren berri ere eman digu Zabalak. Alde batetik, Geltokin irailaren 26an eginen den erabilitako arropa trukaketaren Swap Party izenekoa: "Mekanismo erraza da, parte-hartzaile bakoitzak puntuka trukatuko diren bost jantzi eraman ditzake gehienez eta, trukean, trukatutako puntuen balioa duten beste jantzi batzuk eraman ditzake etxera". Jaialdia Geltoki nasetan egingo da eta Arropa Garbia Kanpainaren standaz gain, musikaz girotuko da eta bigarren eskuko arroparen eta arropa berrerabiliaren desfilea egingo da
18.00etan
Azkenik, zineforum bat ere egonen da urrengo egunotan, urriaren 1ean zehazki. El fin de la eterna primavera filma emanen da Civicaneko auditorioan, krisi klimatikoa, gosea, nekazaritza, gizarte-baliabideen proiektuak hizpide dituen dokumentala.