Ane Martijak etxean jaso du musikarekiko maitasuna. Aita Lekunberriko abesbatzako kide, anaia piano jotzailea, musikarekiko maitasuna txikitatik garatu zuen berak ere. Gitarra eskuan sortzen ditu bere abestiak. 2021ean, pandemia tartean, horietako batzuk grabatzeko erabakia hartu eta Aberin estudioetan grabatu ondoren jendarteratu zituen. Aurten bere lehenengo diskoa plazaratu du: Bidean aurrera.
Hain zuzen ere disko horretako abestiak dira gaur, 20:00etan Zentral aretoan emanen duen kontzertuan erakutsiko dituenak. Emanaldia Nafarroako Gobernuak Gazteriaren Insitutuaren bitartez antolatzen duen Arte Gaztea Topaketen eskutik dator, Martijaren lanak jaso duen onarpenaren seinale. "Egia da nire buruan gehiago sinesten hasi beharko nukeela, izan ere, orain arte egin ditudan abestiek oso harrera ona izan dute orokorrean, kontzertu oso bereziak ematen ari naiz eta leku desberdinetatik deitzen naute kontzertuak emateko".
Gaur emanaldia ohikoa duen formatu akustikoan emanen du, eroso sentiarazten duen formatu bat. Hala ere, etorkizunera begira kontzertuak eraldatzea du burutan musikari etxeberriarrak. Orain arte plazaratutako abestiek bere mundua eta egunerokoa zeharkatzen duten gaien inguruan hitz egiten dutela azpimarratu du: "Nire egunerokoan, lagunekin eta senideekin ditudan elkarrizketetan ateratzen diren gaien inguruan hitz egiten dut maiz, oso inportantea iruditzen zait gai horien inguruan hitz egitea nire abestietan".