Zizur Zendeako Udalak euskarazko arreta emateari uko egin dio berriro

Miren Mindegia 2024ko abu. 27a, 13:20

Nafarroako Auzitegi Administratiboari entzungor egin eta aurtengo plantilla organikoa osatzen duten 12 lanpostuetako bakar bat ere ez da elebiduna izango

Zizurko Zendeako Udalean, lehengo lepotik burua. Entzungor egin dio Nafarroako Auzitegi Administratiboari (NAA) eta aurtengo plantilla organikoan ez da euskararen zantzurik ere agertzen: 12 lanpostu dira eta ez dago bakar bat  elebidunik eta meritu gisa baloratzeko ere ez da euskara aipatzen.

2016an, Nafarroako Administrazio Auzitegiak Zizur Zendeako Udalaren plantilla organikoa baliogabetu zuen, ez zuelako euskarazko lanposturik aurreikusten. Ebazpen hartan, bereziki aipatu zuen Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna. Ia 8 urteren ondoren, Zizurko Zendeako plantilla organikoak berdin jarraitzen du. Hala uztailaren 22an argitaratutako Nafarroako Aldizkari Ofizialean zehazten den moduan, aurtengo plantilla 12 lanpostuk osatuko dute eta horien artean bakar bat ere ez da izanen elebiduna. Euskara ere ez da meritu gisa aipatzen lanpostu horietan.

Zizurko Zendeako Erreniega Taldeak helegitea jarri eta irabazi zuen baina, argi dagoenez, aurtengo plantilla organikoak ez du ebazpen horren betearazpena jasotzen. Erreniega Taldeak adierazi du "lotsagarria" dela Udalaren jarrera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!