Jabi Arakama: “’Musikariak ikastetxeetan’ programa G eredura zabaldu nahi dugu”

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko abu. 9a, 13:27

Merituen dekretuaren onarpena “euskaldunontzat aurrerapausoa” izango dela uste du Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak

Euskal musika, gaztelaniazko institutuetan

Musikariak ikastetxeetan programa gaztelaniazko ikasleengana eraman nahi du Euskarabideak, erakundeko zuzendari kudeatzaile Jabi Arakamak Euskalerria Irratiko Guardasola saioan azaldu duenez: “A eta D ereduko ikastetxe gehiagotara zabaldu nahi dugu, baina baita G ereduko ikastetxeetara ere”. Arakamaren aburuz, “euskal musika hurbildu ahal zaie gaztelaniaz ikasten duten ikasleei. Ni neu handik nator, G eredutik, eta asko gara euskarara hurbildu garenak, besteak beste, musikatik. Zergatik ez sustatu hori G ereduko ikastetxeetan?”.

Berpizturiko programa

2023ko ekainera arte, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak kudeatzen zuen Musikariak ikastetxeetan egitasmoa. Haatik, foru eta udal hauteskundeen atarian, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak bertan behera utzi zuen. Erabakiak ezinegona eragin zuen hainbat eragileren artean, eta hainbat musikarik Ez dadila haria eten izenburudun agiria sinatu zuten, programaren alde.

Hauteskundeen ondotik, Euskarabideak bere bizkar hartu zuen Musikariak ikastetxeetan egitasmoa, Hezkuntza Departamentuarekin eta PSNrekin negoziatu eta gero. “Ez dakit programaren barruan egon den ikastetxe bakar bat ere atera den. Hori oso adierazgarria da”, azaldu du Arakamak. “Euskal kulturaren transmisiorako oso tresna eraginkorra da, gazteek oso identifikazio handia sentitzen baitute musikarekin eta musikariekin”.

Musikariak ikastetxeetan programaren barruan, musikariek 90 minutu inguruko saioak egiten dituzte ikasgeletan bertan, DBHko 3. eta 4. zein batxilergoko ikasleekin. Artistek beren sormen prozesua azaltzen diete, baita euskal musikaren tradizioa nola ulertzen duten eta idazleekin eta literaturarekin zer nolako harremana duten ere.

Merituen dekretua, “aurrerapausoa”

Merituen Foru Dekretuaren proiektuaren tramitazioak aurrera segitzen du. Aste honetan, Funtzio Publikoko Mahai Orokorretik igaro da. “Urtearen amaierarako, dekretu hau onartua egotea espero dut. Ez da nire dekretua, baina aldi berean uste dut euskaldunok zama handia kenduko dugula horrekin, euskara eremu mistoan baloratu ahal izango baita, eta lanpostuen %90 hor daude. Motxila handi bat kenduko dugu, aurrerapauso bat izango da, nire dekretua ez izanda ere”, azaldu du Arakamak.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 2019an Barkosen gobernuaren euskararen dekretuaren zati handi bat atzera bota zuenetik, lau urte igaro dira Gero Baik eta PSNk Merituen Dekretua adostu duten arte. Nafarroako Gobernuak proiektua onartu eta gero, Nafarroako Kontseiluak ebazpen batean esan zuen osasun alorreko lanpostu guztietan euskara baloratzea legearen aurkakoa dela, eta zirriborroa ebazpen horretara egokitu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!