Isa Egiguren: "Aita Mari bezalako erreskate ontziak lekuko deserosoak gara Europako gobernuentzat"

Miren Mindegia 2024ko uzt. 16a, 12:43

34 pertsona erreskatatu zituen Aita Mari ontziak uztailaren 15eko goizaldean

Aita Mari erreskate ontzia Mediterraneoko uretan nabigatzen dabil joan den uztailaren hasieratik. Uztailaren 15eko goizaldean 34 pertsona erreskatatu zituen. Tentsio handiko erreskatea izan zen, izan ere aurpegia estalita eta armatuta zeuden pertsonak zeramatzan hiru libiar txalupak inguratu zituen errefuxiatuen ontzia, gauez egin zen erreskatearen unean. Aita Marin dagoen Isa Egiguren kazetariak hurbiletik bizi izan zituen momentu lazgarri horiek: “Oso inpaktantea izan zen. Ilunpetan geunden, eta gure fokoekin soilik argituta ikusten genuen txalupa, jendea oihukatzen ari zen. Zodiacekin laguntzera jaitsi ginenean inguratzen zituzten hiru txalupa libiarrak ikusi genituen. Txalupan zeuden errefuxiatuak oso urduri zeuden, batek uretara jauzi egin zuen, baina zorionez kapitainak libiarrekin hitz egin zuen eta erreskatea egin ahal izan genuen, denak salbatuz”. 

Libia Afrika iparraldetik igarotzen den Europarako migrazio bidearen gune latzenetako bat da. Gobernu egonkorrik gabe eta gerra egoeran, pertsonen salerosketan aritzen diren mafien gune bilakatu da herrialdea. Infernu bat  migranteentzat: “Nahiago izaten dute uretan hil Libiara bueltatu baino. Libian kartzeletan sartzen dituzte eta euren familiei dirua eskatzen diete askatu ahal izateko. Soilik itsasoko ura edan eta ogi zati bat jaten dute egunero. Pertsonak 200 eurorengatik salduak izaten dira. Libian gerra zibilean daude, sektore desberdinen arteko borrokak daude, erabat larria da han dagoen egoera”.  

Erreskate ontziak “arazo bat” dira Europako gobernuentzat, Egigurenek azpimarratu bezala. “Lekuko deserosoak”, izan ere, erreskate lanak burutzeaz gain, pertsona hauen egoera salatzen dute. “Horrexegatik isunak jartzen dizkigute, trabak ezartzen digute, gure lana zailtzen dute”.

Italiako gobernuaren jarrera horren erakusgarri da. Erreskate honetan ere, Libiatik hurbilen kokatzen den Siziliako portua esleitu beharrean, herrialderen iparraldean kokatzen den portu bat esleitu dio Aita Mari ontziari, Egigurenen erranetan “guztiz legez kanpokoa den erabaki bat”. Horrek itsasaldia bost egun luzatzera behartuko du ontzia. Ostiralean iritsiko da Aita Mari egokitu zaion portura. Hura du oraingoz helmuga eta helburu eta, Egigurenek argitu moduan, bertara iristerakoan erabakiko dute zein izanen den erreskate ontziaren hurrengo urratsa. 

Italiaren gain soilik ez eta Europako gainontzeko gobernuen gain jartzen du Egigurenek egoeraren ardura osoa: “Europak Afrikako herrialde desberdinak diruz hornitzen ditu migrazio mugimenduak kontrolatu dezaten, jendea pasatzen ez uzteko harresiak eraiki dezaten. Horregatik, jendeak itsasoa bezalako bide arriskutsuagoak hautatzen ditu Europara iristeko”. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!