SANFERMINAK 2024

Nagore Laffage duela hamasei urte hil zuen Jose Diego Yllanesek

Maialen Huarte Arano 2024ko uzt. 7a, 09:58

2008ko uztailaren 7an Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage iruidar gaztea hil zuen. Joan den uztailaren 4an izan zuten gogoan Laffage Iruñean. Elkarretaratze eta omenaldi "hunkigarria" egin zien Astelehen Lilak plataformak. Duela hamasei urte gertatutako hura ez dadin ahaztu beharrezkoak dira halako ekimenak plataforma horren ustez. 

Sexu harremanak izateari uko egin zion Nagore Laffagek eta ez zuen ezezko hori onartu Jose Diego Yllanesek. Behin eta berriz kolpatu ostean itota hil zuen 20 urteko irundar gaztea. 2008ko uztailaren 7an jazo zen hilketa hura. Hamasei urteren ondoren pasa den uztailaren 4an omenaldia egin zioten Laffageri Iruñean. "Ahazturan eror ez dadin" gertatutako gogoratzea ezinbestekoa dela adierazi dute Astelehen Lilak plataformak. Epaiketa herri-epaimahai batek ebatzi zuen 2009. urtean: Yllanesi 12 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zion hilketa hura giza hilketa izan zela ebatzita. Kalean herritarrak hilketa hura gaitzestera eta erahilketa bat izan zela oihukatzera atera ziren berehala. 

Ahaztua izateko eskubidea eskatu zuen Yllanesek

Yllanesek, zigorra bete eta hilabete batzuetara, aurrena eskaera egin zien Google bilatzaileari, gero Espainiako Datuen Babeserako Agentziari eta azkenik Espainiako Auzitegi Nazionalari: onar zezatela ahaztua izateko eskubidea duela eta blokea zitzatela giza hilketari buruzko eta bere baldintzapeko askatasunari buruzko informazioa ematen zuten komunikabideetako albisteen lotura batzuk. Googlek eta Espainiako Datuen Babeserako Agentziak atzera bota zuten Yllanesen eskaera. Yllanesi esan zioten albisteak zuzentzeko eska zezakeela, baldin eta albisteek datu okerrak baldin bazituzten. Ezezkoa ikusirik, Yllanesek helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auzitegi Nazionalak atzera bota ditu Yllanesen eskaerak. Auzitegi Nazionalaren arabera, informazio eta adierazpen askatasuna gailendu egiten zaizkio ahaztua izateko eskubideari.

2020an bete zuen espetxe zigorra

Yllanesi hirugarren gradua eman zioten 2017an. Urte bereko abenduan jakin zen osasun klinika psikiatriko batean lan egiten zuela espetxetik ateratzen zenean. Gerora, utzi egin zion klinika horretan lan egiteari. 2020an bete zuen kartzela zigorra.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!