Askotan egiten den galdera da: nork zaintzen du zaintzailea? Bada, Altsasun Berdintasun Arloak herritarren proposamenetik tiraka, erantzuna eman nahi dio galderari. Zaintza lanetan euren denbora gehiena ematen duten emakumeei ongizate emozional, fisiko eta psikologikoa izan dezaten proiektua jarriko dute abian hilaren 15etik aurrera. Altsasuko Udaleko Kirol eta Berdintasun sailetako teknikariak, Altsasu, Olazti eta Ziordiko oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako gizarte-langile eta –hezitzaileak, eta Anitzartean Zerbitzuko gizarte-hezitzaileak ari dira parte hartzen egitasmoan. "Zaintza lanak egiten dituzten emakumeek ere merezi dute zainduak izatea. Hori lortu nahi dugu proiektu honekin", esan du Aizaga Zeberiok Altsasuko Berdintasun Teknikariak. Sareak sortzea ere bada ideietako bat: "Bakardadea sentitzen dute emakume horietako askok eta horri erantzuna eman nahi diogu", azaldu du.
Apirilean sortuko da talde bat, udazkenean bestea. Ariketa fisikoak batetik, emozionalak bestetik landuko dituzte. Zaintzaileen ongizatea, auto-ezagutza eta zaintza landuko dituzte Elkar zaintzen duten emakumeak izeneko proiektuarekin. Aizaga Zeberiori Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke.