Izai Bujanda (ELA): "Patronalen blokeoa eta Nafarroako Gobernuaren inplikazio eza salatzen ari gara"

Maialen Huarte Arano 2024ko api. 10a, 10:35

Nafarroako zahar etxeetako langileak greba egiten ari dira. 2021ean hasi ziren sindikatuetako ordezkariekin lan hitzarmena negoziatzen, baina blokeatuta dute eztabaida eta gobernuaren inplikazio ezarekin kexu azaldu dira. "Hiru urteren ondoren 4.500 langile inguru lan baldintza prekarioetan segitzen dute", adierazi du Izai Bujanda ELA sindikatuko erresidentzietako koordinatzaileak. Manifestazioa eginen dute Iruñean irtenbideak galdegiteko. 

Greba eguna dute gaur Nafarroako zahar etxeetako langileek. Protestan ari dira aspalditik. Lan baldintza hobeak exijitzen dituzte eta hori ziurtatuko dien hitzarmena nahi dute. 2021ean eseri ziren lehenbizikoz sindikatuetako ordezkariak patronalekin, baina hiru urteren ondoren hitzarmenik ez dute eta negoziazioa etenda dagoela salatu du ELA sindikatuko erresidentzietako koordinatzaile Izai Bujandak: "Blokeaturik dute negoziazioa eta ez dute datarik aurreikusita berriz ere eseri eta eztabaidari eusteko". Hogei egunez egin dituzte lanuzteak. Mobilizazioak ere bai: "4.500 langile inguru aritzen dira Nafarroako 70 zahar etxeetan. Gehienak, pribatuak edo kontzertatuak dira, bi baino ez publikoak. Emakumeak dira gehien gehienak eta lan baldintza prekarioekin ari dira jardunean", azaldu du Bujandak. Hitzarmen propio batek ekarriko lieke egoerari buelta eman ahal izatea ELA sindikatuaren aburuz. Gaur, Iruñeko Vinculo plazatik 11:15ean manifestazioa eginen dute. Euskalerria Irratian Izai Bujandari egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!