Arrazagatiko Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiken Zuzendaritza Nagusiak sentsibilizazio-kanpaina berri bat jarri du martxan, lema argi batekin: Diskriminaziorik gabeko Nafarroa baten alde, baina gutxiago gainera gehiago.
Saioa Cavero Migrazio Politiken Zuzendaritza Orokorreko gizarte langileak azaldu digun moduan, kanpainak Nafarroako Gobernuak iaz egindako ikerketa bat du oinarri, hain zuzen ere migrazioaren inguruan dauden aurreiritzietako asko hankaz gora jartzen dituenak.
Nafarroako hainbat hiri eta herritako kaleetan jarri diren kartelekin batera, diskriminazioa dakarten aurreiritzia eta ideiak desegitea helburu duen gida bat ere argitaratu da kanpainaren baitan. Umorea eta ironia erabili dira tresna gisa, “betiere arrazakeriaren aurka borrokatzeko asmoarekin”. “Buruan sartu behar zaigu ez dagoela nafarra izateko modu bakarra, beltzak eta burlatakoak izan gatiezkeela”.
Kanpainaren aurkezpenarekin batera, iazko ekainean abiarazi zen Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Arreta Zerbitzuak izandako emaitzen balorazioa ere egin du Nafarroako Gobernuak: “Pozik gaude emaitzarekin, beharrezkoa zela ikusi dugulako; baina aldi berean kezka eragiten digu artatu ditugun kasuen kopurua handia izan delako”.
Iazko ekainaren 5etik joan den martxoaren 15era bitartean, arrazoi etniko edo arrazagatiko 124 diskriminazio kasu artatu ditu guztira, eta horien jarraipena egin da Iruñeko eta Tuterako bulegoetan egindako 1.341 esku-hartzeren bidez.