GIZALABAK

Josephine Myrtle Corbin, trabak gainditu zituen lau hankako emakumea

Miren Mindegia 2024ko ots. 20a, 17:00

Bakarne Atxukarrok #Gizalaba berri bat aurkeztu digu Irrintzi Plaza saioan: Josephine Myrtle estatubatuarra

Josephine Myrtle Corbin 1868ko maiatzaren 12an jaio zen Tenneeseen, Ameriketako Estatu Batuetan, ezaugarri berezi batekin: bi pelbis zituen, bata, berea, eta, bestea, amaren umetokian garatu ez zen bere ahizpa siamdarrarena. Beraz, lau hanka zituen.

Hala ere, arazorik gabe hazi zen. Bere egunerokoan ingurukoak ez ziren  berezitasun horretaz ohartzen. Metro eta erdiko altuera zeukan, azal argia, begi urdinak eta ile kizkurra. Beraz, itxura arruntekoa zen. Ezaugarri nabarmen bakarrak haren aldaka oso zabala  eta  oina barrurantz okertua izateagatik modu bitxian ibiltzen zela ziren. Gainerakoan, oso azkarra zen, eta musikarako joera berezia zuen, eta badirudi izaera gozo eta zoriontsua zuela beti.

Hori dela eta, itxuraz oso neska normala zen. Sorpresa sortzen zen garaiko soineko luzeek estaltzen zituzten lau zangoak bistan geratzen zirenean. 

Ezaugarri horrek karrera profesional bat aurkitzen lagundu zion. Kontuan hartu behar dugu garaiko modaren arabera anomaliak zituzten pertsona asko zirkuetan eta museoetan jendaurrean  ikusgai jartzen zituztela, eta gure Josephinek horixe bera egin zuen.

13 urterekin sartu zen sideshow zirkuituan, "Lau hankako emakumea" ezizenarekin. Interpretazio klaseak jaso zituen, eta artista ezagun bihurtu zen, egiten zituen erakustaldiei esker. 

Eszenan agertzen zen bakoitzean, lau hanketan galtzerdi eta zapata berdinak zeramatzan, janzkera osoarekin konbinatuz. Handik aurrera dena egina zegoen, ikusleek erne egotea lortzen zuelako.

Bere ospea oso handia izan zen. Beste batzuek lau hankako faltsifikazioak erakutsi zituzten kopia gisa. Izan ere, Corbinek berak  emanaldi haiek egiteari utzi zionean, hainbat lauoineko faltsu sortu ziren, eta jendea joaten zen haiek ikustera.

Hemeretzi urte zituela, James Clinton Bicknell bertako medikuarekin ezkondu zen.
Ezkondu eta urtebetera, gutxi gorabehera, haurdun geratu zen lehen aldiz. Haurdunaldiaren ondorioz, Corbin larri gaixotu zen, eta lankideei kontsulta egin ondoren, medikuak abortua egitea erabaki zuen. Corbin erabat suspertu zen horren ostean.

Baina laster haurdun geratu zen berriro. Eta oraingoan, bai, haurdunaldia amaitu zuen. Ez zen bakarra izan. Osotara lau alaba eta seme bat izan zituen; 3 eskuineko pelbisean eta beste 2 ezkerrekoan. 

Kasu guztietan abortatzea gomendatu zioten, bere bizitza arriskuan jartzen baitzuen, baina berak ezetz, eta erditze bakoitzak erabateko arrakasta izan zuen.

Horren ondorioz, Estatu Batuetako eta mundu osoko aldizkari medikoek arreta jarri zioten medikuntzaren ikuspegitik hainbeste ekarpen egin zezakeen emakume horri.

Corbin Texasen hil zen 1928ko maiatzaren 6an, 60 urte zituela, eskuineko hankan zuen infekzio baten ondorioz.

Hilkutxa hormigoiz estali zen, hilobi lapurrek gorpua lapurtu ez zezaten.

Mediku eta bildumagile pribatu batzuek gorpuagatik ordain ekonomiko handia eskaini zioten familiari, baina ez zuten onartu.

Gaur egun, eredu bat da. XIX. mendeko emakume bat, lau hankaduna, eta, hala eta guztiz ere, traba guztiak gainditu zituena, ezgaitasunari gailendu zitzaiona, eta familia izatea eta karrera arrakastatsua lortu zituena.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!