35.500 familiek ardura izanen dute heldu den ikasturtetik aurrera euren seme-alaben ikastetxean zein jardunaldirekin izanen diren erabakitzeko. Telematikoki eman ahal izanen dute botoa edota egun batez baita bertatik bertara ere. Jardunaldi jarraia edo zatitua. Horiek izanen dira ikastetxe gehienetako aukerak. Jardunaldi jarraiaren alde egiteko, baiezko botoa eman beharko da seme-alaba bakoitzeko. Botoa ezekoa bada, zatituaren alde egiten da, boto zuriak ere zatituaren aldeko jarrera erakusten du eta baita botorik ez emateak ere. Gauzak horrela, batzuen eta besteen hausnarketak entzun ditugu Euskalerria Irratian (argazkian klik eginda entzun daiteke erreportajea osorik), jardunaldi bat edo bestea hautatzerako garaian erabiltzen ari diren arrazoiak argitzeko. Patxi Larraintzar ikastetxeko ama, Eguzkiñe Aiesa, zatituaren alde agertu da; San Frantzisko ikastetxeko Izaskun Montero berriz, jarraiaren alde.
Aiesari iruditzen zaio ikasleen bioerritmoak gehiago errespetatzen direla zatituarekin. Monteroren ustez, haurrek zein helduek goizez izaten dute energiarik gehien ikasketak aurrera eramateko edota arreta gehien mantentzea eskatzen duten arloak lantzeko eta jarraiak ematen du horretarako aukera bakarrik Monteroren ustez.
Jardunaldi jarraiak askatasun handiagoa ematen die familiei haurra eskolatik etxera eramaterako unean. Aiesari iruditzen zaio ez dela guztiz hala: familia zaurgarrienak ateratzen dira galtzaile bere ustez. Guraso bakarreko familiak, biak etxetik kanpo lanean ari direnena edo bietako batek lanean murrizketa hartu beharra aipatu ditu. Familiek aukera dute 14:00etatik l16:30etara nahi duten momentuan eskolara joan eta haurra hartzeko. Kontziliazioa erraztu egiten du familia desberdinen artean, bakoitzaren beharretara egokituz Monteroren esanetan.
Euskara, patioa eta komunitatea
Seme-alabekin kalitatezko denbora pasatzeko bi jardunaldiek eskaintzen dute aukera. Izan ere, Aiesaren ustez haurrak lehenago hartzeak ez du hori ziurtatzen, egunerokotasunak eskatzen dituen bestelakoak ere egin behar izaten direlako: etxeko lanak, erosketak eta beste. Haurrak eskolan dauden bitartean egin ahal izateko, zatituak aukera gehiago ematen dituela uste du. Monterok uste du, garrantzitsua litzatekeela haurrei galdetzea nola sentituko liratekeen aukera batekin edo bestearekin. Txikiak izanagatik ere ezagutzen dituztelako euren nahiak eta beharrak, badakitelako noiz egon nahi duten eskola giroan eta noiz ez duten euren burua hor ikusten. Eskola orduak betetzen dituztela ziurtatzen duen aukera da jarraiarena.
Patioan sortzen den jolaserako gunea eta euskaraz hitz egiteko aukerak nabarmendu ditu Aiesak zatituaren aldeko jarrerarekin. Jakinda, euskaraz egitea patioan ziurtatzea zaila dela, baina hori izanda euskararen arnasgune. Monterok esan du 14:00etatik aurrera ere ikasleak ikastetxetik irteten direlarik inguru horretan geratzen dira tarteka. Noiznahi daude haurrak jolasean eta aukera hori galtzen ez dela jarraiarekin uste du Monterok. Nahiz eta horrek ez duen bermatzen euskaraz ariko direnik.
Gurasoen txanda iritsi da orain. Jardunaldia erabakitzeko unea. Martxoaren 1erako dena izanen da erabakita eta horren berri izanen du Hezkuntza Departamentuak.