ELA eta LABen arteko tira-birez galdeturik, Arroyok erantzun du garrantzitsuena perspektiba historikoa dela: “LABen hazkundeari esker, euskal esparru propioa lortu dugu, eta euskal sindikalismoa feministagoa, antiarrazistagoa eta subiranistagoa da, hori da garrantzitsuena”.
Metropoli Forala egindako bideo elkarrizketan LABeko beste bi burkidek eman dute lekukotasuna, Izaskun Gastesi LABeko militante historiko jubilatuak eta Maite Olano egoitzen sektoreko ordezkari gazteak hain zuzen ere.
“Afiliaziorik gabe ez dago sindikatu autonomorik, kontraboterea benetan egingo duenik”
Inoizko afiliaziorik handienarekin iritsi zarete 50. urteurrenera.
Bai, 50 urte bete ditugun honetan kasik 50.000 afiliatura iritsi gara. Hurrengo hilabeteotan gaindituko dugu langa. Azken urteotan, %25 hazi da sindikatua afiliazioari dagokionez. Horregatik, esaten dutenean sindikatuak ez daudela osasuntsu, makal daudela, ez direla lehen zirenak, gure kasuan, behintzat, oker dabiltza. Oso garai oparoa izaten ari da. Ikusten dugu gero eta jende gehiago gerturatzen ari dela sindikatura.
1994an sindikatuak 18.000 afiliatu zituen; egun, berriz, 49.000. Zein garrantzi du afiliazioak zuena bezalako sindikatu batean?
Afiliazioak garrantzia dauka bai sindikatuarentzat, baita afiliatuarentzat ere. Langilearentzat nolabaiteko esnatze bat da. Langilea bakarrik egotetik kolektibo baten barruan egotera pasatzen da. Eta hori, niretzat, zerbait kasik magikoa da. Pertsonak konturatzen dira badituztela beren eskubideak eta horien alde antolatu beharra dagoela. Beste batzuekin elkartzen dira. Elkartasunezko ekintza bat ere bada afiliatzea. Oso gauza berezia da pertsonarentzat. Eta, jakina, sindikatuarentzat autonomoa izateko ezinbesteko baldintza da. Afiliaziorik gabe ez dago sindikatu autonomorik eta benetan kontraboterea egingo duen sindikaturik.
“LAB bereziki nabarmendu zen 2008ko krisiarekiko zein ustelkeriarekiko erantzunean eta langileek saritu egin dute”
Ordezkaritza ere inoizko handiena duzue egun Hego Euskal Herrian. 1994tik hona, Nafarroa Garaian, 528 delegatu edukitzetik 1.207 edukitzera pasa zarete. EAEn, aldiz, 2.489tik 3.690ra. Zergatik hazkunde handiagoa Nafarroan?
Nafarroa Garaian erregimena deitu izan diogun sistema politiko hori pairatu dugu. Horrek bazeukan adar bat lan harremanetan, eremu sindikalean. Denbora luzez, nolabaiteko dopina egon da eremu sindikalean. UGT eta CCOO sindikatu bezala puztu egin dira, bai patronaletik bai administrazioaren aldetik jasotzen zituzten mesedeei esker. Oso zaila izan da LABentzat bidea egitea Nafarroan. Hego Euskal Herrian oro har ere bai, baina Nafarroako eremu batzuetan bereziki. 2008ko krisiaren ondotik, krisi horrekiko erantzunean LAB bereziki nabarmendu zen. Lan handia egin zuen. Eta horren ondotik etorri zen ustelkeriaren aurkako lan guztia, eta Nafarroako Kutxaren hondoratzearen inguruan egindakoa. Administrazioan lehen indarra izatera pasa zen. Gainera gaitasuna erakutsi zuen abertzaleak ez ziren sektoreekin ere elkarlanean aritzeko. Batetik, erregimenaren gainbeherarekin batera UGTren eta CCOOren indar hori apaldu egin zen; eta, bestetik, uste dut LAB saritua izan dela garai horietan eta ordutik hona izan duen paperarengatik.
LABen 50. urteurrenaren inguruko dokumental bat koordinatzen ari zara. Sindikatuaren hainbat sortzailerekin mintzatu zara. Zein izan ziren hastapen horien gakoak?
Langile askok ikusi zuten Euskal Herrian beharrezkoa zela proiektu sindikal berri bat. Sindikatu moduan baino gehiago, mugimendu bezala sortu zen LAB. Bere asmoa zen ikuspegi abertzale batetik eta klase ikuspegi batetik lan egitea Euskal Herriko langileen eskubideen alde, eta Euskal Herriaren askatasunaren alde. Garai horretan LABek planteatzen zuena zen sindikatu bateratu bat sortu beharra zegoela batzarretan oinarritua; izan ere, orduan lantokietan oso mugimendu asanbleario indartsua zegoen. Gero, sindikatu bakoitzak bere bidea hartu zuelarik, LABek erabaki zuen sindikatu bezala sortzea eta sendotzea. Hasieran, oso militante zehatzekin eta beste sindikatuen aldean baldintza zailagoetan eta baliabide gutxiagorekin, baina joan zen bere inurri lan hori egiten. Laurogeiko hamarkadatik aurrera gero eta zeresan handiagoa eduki zuen, ez lantokietan soilik, baita maila sozial eta politikoan ere.
“LABen hazkundeari esker eratu zen Hego Euskal Herria borroka sindikalerako espazio propio bezala”.
90eko hamarkadaren bigarren erdian Lizarra-Garaziko akordioa iritsi zen eta horrekin batera ELAren eta LABen arteko elkarlana. Egun, aldiz, gero eta gehiagotan egiten duzue talka. Etorkizunean, zer espero dezakegu?
ELAren eta LABen arteko harremanak askotan talkaren, edo arazoen, edo eztabaiden ikuspegitik aztertzen dira, baina irakurketa zabalagoa egin beharko litzateke perspektiba historiko batetik. Hego Euskal Herrian bazegoen eredu sindikal bat, nagusia zena, bazuena antza Estatu Espainiarrean zegoen eredu sindikalarekin. Hasiera batean, LABek aldarrikatzen zuenean kontraboterea, sindikalismo soziopolitikoa, soberanismoa, nahiko bakarrik zegoen panorama sindikalean. Ikusi zelarik bai Euskal Autonomia Erkidegoan bai Nafarroan ezarrita zegoen antolaketa politiko horrek ez zuela aukerarik ematen herri bezala aurrera egiteko, eta patronalak jarraitzen zuela izaten boterearen gaineko kontrola, eta ikusita LABek gero eta indar gehiago zeukala, hor aldaketa batzuk eman ziren 90eko hamarkadan, orain arte irauten dutenak.
Horren ondotik, Hego Euskal Herria, Nafarroa barne, borroka sindikalerako espazio propio bat bezala eratu zen, eta ordutik euskal sindikalismoa ezberdina da Espainian edo Frantzian egiten den sindikalismoarekiko. Horrek dauka benetako garrantzia. Gero LABen eta ELAren artean izango ditugu garai hobeak edo okerragoak. Baina garrantzitsuena da ikustea, hein batean LABen ekimenez, euskal sindikalismoa nola eraldatu egin den urte hauetan zehar. Euskal sindikalismoa gaur feministagoa da, antiarrazistagoa da, subiranistagoa da, kontrabotere lan handiagoa egiten du. Ezberdintasunei baino, horri eman behar diogu balioa.
“2015eko aldaketa garrantzi handiakoa da, baina aldaketa sakonagoak lortzeko presio sindikal, sozial eta politikoa behar da”
Azken urteotan aldaketa garrantzitsuak izan dira bazterrotan: ETA amaitu da eta 2015ean eskuinak Nafarroako Gobernua galdu zuen eta ez du berreskuratu. Nola egokitu da LAB garai berrietara?
2015eko aldaketak garrantzi handia dauka eta bere ondorioek oraindik irauten dute. Hor gertatu zena izan zen esparru sindikal, sozial eta politikotik ordura arte hegemonikoa zen erregimen hori pitzatzeko izugarrizko lana egin zela. Sei greba orokor izan ziren Hego Euskal Herrian, eta greba horiek hemen erregimenaren kontrako izaera hartu zuten. Nafarroako Kutxaren hondoratzearen aurrean ere izugarrizko lana egin zen, adibidez ustelkeria salatzeko Kontuz! plataformatik. Ospitaleetako sukaldeen pribatizazioa jendeak nola hartu zuen ere oso esanguratsua izan zen. Haserrealdi handia izan zen eta gainera egon zen itxaropen bat eta konbentzimendu bat: posible zela aldatzea, gauzek ez zutela zertan izan horrelakoak betiko. Garai horretan ematen zuen hemengo bipartidismo hori betiko zela, eta erregimen antisozial eta anti-esukaldun horri buelta ematea ez zela posible. Lehenik kalean eta gero hautetsontzietan demostratu zen bazela posible bestelako eredu bat martxan jartzea.
Hori esanda, bestelako eredu hori oraindik ere gauzatzeko dagoela uste dut. Aldaketa instituzional bat izan zen, demokratizaziorako urrats batzuk egin dira, baina oraindik politika publikoan ez dira behar bezalako aldaketak egin. Euskarari dagokionez, adibidez, oraindik ez da behar bezalako aldaketarik egin, zerga politikoetan ere ez. Zerbitzu publikoetan, Osasunbidean, hezkuntzan, zaintzan, hor egin beharreko inbertsioetan oraindik aldaketa sakonagoak egin behar dira. Gu zentzu horretan lan egiten ari gara. Ikuspegi sindikal batetik, urte hauetan lortu dugu azpikontratazioetan klausula sozialak ezartzea, hau da, administrazio publikoetarako azpikontrataturik lan egiten duten langileak baldintza hobeetan daude. Lortu dugu lehen hitzarmena esku-hartze sozialean. Lortzear dago lehen hitzarmena adinekoen egoitzetan. Landa eremuko langileen eskubideen alde ere urratsak egiten ari gara, Huerta de Peralta enpresako borroka entzutetsuaren ondotik oraintxe sektoreko hitzarmen berria sinatu dugu. Gutxinaka egiten ari dira urratsak, baina oraindik politika publikoak aldatzeko presio handiagoa egin behar dugu, eremu sindikal, sozial eta politikotik.
Urteurrena nola ospatuko duzue?
Apirilaren hasieran dokumentala aurkeztuko dugu eta gero herriz-herri pantailaratuko dugu, solasaldiak eginez LABen ibilbidean parte hartu duten kideekin. Maiatzaren Lehenean, Iruñean, manifestazio nazionala, ekitaldi sindikala eta festa eginen ditugu.