Oihane Mendizabal (Aranzadi): "Artzibarko terma-guneak oso bero-sistema aurreratuak zituen"

Euskalerria Irratia 2024ko ots. 8a, 18:32

Otsailaren 7tik aurrera Artziko terma erromatarrak bisitatu daitezke, Aranzadi Zientzia Elkarteak kontsolidazio eta musealizazio lanak burutu ondoren

Artziko terma erromatarrak otsailaren 7tik aurrera bisita daitezke. Ikerketa arkeologikoetan hamarkada bat eman ondoren, 2023an Aranzadi Zientzia Elkarteko taldeak, Artzibarko Udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, gune hau kontsolidatu eta musealizatu du. Jarduera horien helburua da galtzada erromatarrean zegoen eta Antzinaroan Pirinioak zeharkatzen zituen pasabide estrategiko hori ezagutaraztea.

Oihane Mendizabal Aranzadi Zientzia Elkarteko kide eta Artzibarko arkeologia ikerketaren zuzendariak azaldu moduan, terma-gune honen berezitasuna "tamaina txikia izanagatik garaiko erromatar termen ezaugarri guztiak" dituela da. Hala, berotze sistema egungo zoru bero-emaileen sistemarekin alderatu daitekeela azpimarratu du ikerlariak. 

Informazio-panelen bidez eta eraikina 3Dn berreraikita, bisitariek bertatik bertara ezagutu ditzakete orain gune horren bilakaera eta eraldaketa. Aurten hitzaldiak eta bisita gidatuak eskaintzea aurreikusi dute Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek, eta laster termei buruzko monografia argitaratuko dutela ere iragarri dute. Gaur gaurkoz, aztarnategian berreskuratu diren material arkeologikoen ikerketak jarraitzen du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!