Peio Oria (Aemet): "Ur erreserbak urtegietan nahikoak dira, oraingoz"

Maialen Huarte Arano 2024ko ots. 8a, 09:43

Katalunian alarma guztiak piztu dira ur-falta dagoelako eta urtegiek apenas dutelako urik. Nafarroan egoera bestelakoa dela adierazi du Aemeteko arduradun Peio Oriak: "Uneotan urtegietako erreserbak gainezka daude eta lasai egon gaitezke". Dena dela, neguaren bilakaera nolakoa izanen den jakin behar da aurreikusteko arazoak izanen ote diren udaberrian eta udan. "Ezohikoa izaten ari da negua tenperaturari eta euri kantitateari dagokionez", adierazi du. 

Ezohiko negua izaten ari garela esan du Euskalerria Irratian Aemeteko Nafarroako arduradun Peio Oriak: "Tenperatura epelegiak eta euri gutxi izaten ari gara neguan". Dena dela, oraingoz Nafarroako urtegiak %85ean beteak daude eta ez dago arazorik ur-hornidurari dagokionez. "Uda bukaeran eta udazken hasieran euria bota zuen, neguaren hasieran elurra ere izan genuen eta horrek ahalbidetu du urtegiak beteta egotea", azaldu du. Ikusi beharko da neguak zer nolako amaiera duen eta euri edo elur gehiago izanen den edo ez. "Kantabrian egoera bestelakoa da eta Ebrok Nafarroako Erriberan nahikoa ur izanen ote duen ere aztertu beharko da udaberrian", jakinarazi du. Izan ere, ur hori erabiltzen dute Nafarroako hegoaldean baratzeak-eta ureztatzeko. 

Mendi gailurretara begira

Elurrik ez dago mendi gailur hurbiletan. Pirinioetako zenbaitetan ere ez. "Ikusi beharko da zein eragin izan dezakeen udaberri arte elur gehiagorik izaten ez bada", esan du Oriak. Azken hiru asteotan bezala segituz gero eta borraska edo frenterik iristen ez bada aztertu beharko da ur erreserbak nola erantzuten duen, gaineratu du. Oso urtaro lehorra izaten ari da eta tenperaturari dagokionez epela. Oraindik datu guztiak ez daude, negua martxora arte izanen delako besteak beste, baina hiru beroenen artean egon daitekeela ohartarazi du Aemeteko arduradunak. Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa osorik entzun daiteke argazkian klik eginda. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!