Dena prest da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa abiatzeko. Iruritan jokatuko da lehen final-laurdena, larunbat honetan, 17:30ean hasita. Herri horretako Gizarte Bilguneak hartuko du txapelketako lehen saioa. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian; egunean bertan ere salduko dira leihatilan, 16:00etatik aurrera, baldin eta aurretik Interneten agortu ez badira. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Baztango Udalaren eta Iruritako herriaren laguntza izan du saioa antolatzeko garaian.
Maialen Belarrak aurkeztuko du saioa, eta sei bertsolari izango dira oholtza gainean: Saioa Alkaiza Guallar, Eneko Fernandez Maritxalar, Sarai Robles Vitas, Idoia Granizo Uribarrena, Ekain Alegre Gil eta Egoitz Gorosterrazu Elizagoien. Saioko irabazleak zuzenean lortuko du finalaurrekoetan egoteko txartela; zehazki, Altsasukoan. Beste bertsolariek, final-laurdenen fase osoa bukatu arte itxaron beharko dute, sailkatzerik duten ala ez jakiteko. Izan ere, Iruritakoarekin batera, Vianako (urriak 14), Uharteko (urriak 15) eta Leitzako (urriak 21) saioek osatuko dute final-laurdenen fasea. Guztira, 18 bertsolari pasako dira finalaurrekoetara, txapelketan abiatuko diren 24etatik.
Finala, abenduaren 2an Iruñean
Bi hilabetez, egitasmoaren irudiak islatzen duen bezala, Nafarroako lur berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Bide horren bitartez, euskarari eta euskarazko kulturari ekarpen mamitsua egingo dio bertsolaritzak, Nafarroako hainbat eskualde eta bazterretara hedatuz. Era berean, euskal kulturaz gozatzeko topaleku bat eskainiko du txapelketak, eta bertsolaritzaren eta orohar euskarazko kultur sorkuntzaren bueltan dabiltzan eragile eta norbanako guztientzako elkargune ere izango da. 24 bertsolari parte hartzaileekin batera, epaileek, gai-jartzailek, antolatzaileek eta hamarnaka laguntzailek eginen dute posible egitasmoa.
Lau final-laurden eta hiru finalaurrekoren ostean, abenduaren 2an jarriko zaio azken puntua txapelketari, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalarekin. Orduan izendatuko da 2023ko Nafarroako txapeldun